HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   



ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Premio Literario Koldo Mitxelena »  2007 - 18 edición: obras premiadas »  Gutuna »  Sara Puignau

Sara Puignau

Sara Puignau Arrigain
Santo Tomas Lizeoa
F kategoria



Lagun maitea,

Gaur arte nire pentsamenduak lasaitu eta nire buruarekin hobeto sentiarazten ninduten baliabideak agortu egin dira. Hau da zuri idaztearen arrazoia. Ez erantzun baten zain, erantzunik ez delakoan nire nahigabeak zurekin partekatzeko baizik. Ez dakit zergatia. Ez dakit balioko duen. Idaztea da nire adore ezak edota nire beldur eta ahuleziak zilegitzen didan ekintza bakarra. Nire hitz jarioa nire irtenbide bakarra. Iraganarekiko malenkonia nire arazo bakarra. Barnean dudan hutsune hori betetzeko beharra dut, edo barnean daramadan guztia hustutzekoa? Nolanahi ere, nire sentimentuak askatu, adierazi behar ditut.

Izerdi tantak nire bekokian zehar irristatzen dira hau idazten dudan bitartean, arnasestuka nire eskumuturraren intziri ahulak sentitzen ditudan bitartean. Inoiz sentitu duzu bakardadea? Arestian zurekin hitz egindako guztia betetzen ari da, iragarpenak bailiran. Nire inguruan aldaketak besterik ez ditut antzematen, hain gogoko nuen iragana, hain gogoko nuen nire bizitza, lausoturik geratzen den artean. Denon bidearen aldapa den aldaketa hau, etxetik urruntze horrek, beldurra besterik ez dit ekarri.

Lau pareta hauetatik kanpo momentu honetan dudan guztian pentsatzean ezin dut arnasik hartu, ez dut arnasik hartzen. Jo iraganera. Gelditu denbora. Begiratu ingurura. Argazki mentalak atera. Momentu horiek baitira garen pertsona bihurtzen gaituztenak, momentu txiki horiek, zergatia jakin gabe, orain gogoratzen ditudanak. Atzerantz joan urte batzuk. Ez hartu arnasik. Arnas falta sentsazio horrek, iragan horretan murgildua geratu nahiak, etxean egonarazi dit azken aldian. Etxetik ateratzeko ahalegina egin nuen azkenekoan, jende zurrunbiloetan galdu nintzen, inurri bat bezain txikia sentituz, ezezagunez inguratua egotearen zama nire sorbaldetan nabarituz.

Etxearen iluntasunean, oroitzapenen iluntasunean nago murgildua beraz orain. Baina zer da argitasuna? Argia; inguratzen gintuen errealitatearen metafora? Argia; gaur igandea inguratzen didan errealitatearen metafora?Argia; beti nire begien aurrean eduki eta onartu nahi ez nuenaren metafora? Argia; batzuetan laino artean ezkutatu nahi dudanaren metafora? Argia; gaurko egunean oroitzeak min egiten didan momentua? Argia,...Argia zein zentzutan? Ze importa du! Min egiten du begietara...eta hori da adierazi nahi nizuna. Min egiten dit ikasketak direla eta hona etortzean galdutako guztia begiratzeak, nire bizitzako garai argitsua begiratzeak.

Eta gaurko egoeraren aurrean ikusten naiz; lagunik gabe, familiagandik urrun, gehien maitatzen ditudan pertsonengandik aldenduta, zu betiko galduta, zalantzak besterik sortzen ez dizkidan etorkizun baten aurrean. Galdera bat dabil nire buruan bueltaka: merezi al du? Batzuetan zure begirada nigana zuzendu eta burua biraraziz nire malkoak ikustea nahiko nuke. Esateko asko gelditu zitzaidan agurraren aurrean. Zaila da agur esatea, unea zen agur esateko. Ezin da inoiz norbait osotasunean ezagutu, baina arrazoi asko ditut ni ia osotasunean ezagutu ninduen pertsona bakarra izan zinela esateko. Nola sentitzen zara benetan maitatutako pertsona bat galtzean? Nola sentitzen zara joaten utzi behar ez zenuen pertsona zela jakitean? Ez dakit nola gainditu, ez dakit nola sentitu behar naizen, ez dakit zergatik ez zegoen hau guztia inoren aholkuen artean.

Maila bat igo baino lehenago, eskailera batena, bide kilometriko batena, askatasunarena, izugarrizko zorionarena edota bakardade samurrenenarena, batzuetan nahitaezkoa da une batez denbora geratu eta pentsatzea. Beranduegi geratu dut denbora, beranduegi da egindakoan pentsatzeko, beranduegi galdu egingo zintudala ohartzeko.

Dena sakrifikatzeko prest egon nintzen beti idealizaturik eduki nuen etorkizunaren aurrean. Utzidazu iragana gogoratzen eta irrifar egiten, baino utzidazu negar egiten ere, batzuetan momentu batzuk betierekoak izatea gustatuko bailitzaiguke...horrela izango ahal da...orduan enintzateke hemen egongo...orduan galdu nuen beste guztiaren artean zu zeuden garai hartan egongo nintzateke.

Gautxoria izateko joera dut, baina askotan eguzkiaren argitasun horren zain geratzen naiz...

Behin-betiko adioa delakoan agurtzen naiz

Maite zaitut

Sara