|
Aitor Iturriza Mendia
Santo Tomas lizeoa
F kategoria
Lehen distantziak handiagoak ziren zeren distantzia denboraren poderioz neurtzen da.
Jorge Luis Borges
Hor dago begiratzen ari natzaio eta hor dago oso gertu besoa luzatzearekin nahiko izango nuke bere aurpegia ukitzeko edo lehenengo bere sorbalda gero bere lepoa eta bere lurrina bere irribarre gozoa aurrerantz zuzentzen duen begirada finkoa eta sakona badaki bere edertasunari so nagoela eta horregatik irriñoa eta mugimendu motela bere soslaiaren edertasuna bere lepoaren jabe da eta oso ondo daki nik ikusi dudan sudurrik politena duela Arantxarena hala ere ez zegoen gaizki eta aitortu behar dut Frantziako uda hura zoragarria izan zela edo ni behintzat nahiko txoro egon nintzela hondartza hartan itsasertzean irribarre polit hura bere sudur paregabean esekita begi horien argitasun berdean galduta baina hori tamalez bukatu egin zen dena bukatzen den antzera eguna eta gaua olatu bat bezala oraindik sentitu dezaket itsasoaren zurrumurrua nola hurbiltzen den eta nola urruntzen den eta hurbildu eta urrundu eta gero hausten da eta arrokak jotzen ditu eta hauetan zatikatzen da milaka tanta zuritan eta berriro ere urruntzen da berriro bueltatzeko bere mingain berdea eta listu zuriarekin badirudi bere musua amaigabea dela edo hasi eta bukatzen da etengabe infinituki momentu honen antzera non badirudi dena gelditu dela non pauso bakar batez beregana iritsiko naizen hanka galtzeko arriskua izan arren edo besoa galtzekoa mingaina edo bihotza nire presentziaz jabetu da eta mordoilatuta naukala ere nire egoera artiko honetaz ere jabetu da dardari honetaz ez nago seguru zer den behar bada lurraren mugimendua baina tira nire txanda da eta harria ostiko motel eta neurtu batez botatzen ahaleginduko naiz bestela ez naiz zerura iritsiko hau ez da igogailu baten zuloa eta bera ez da Maga bat baina zer egingo diogu lehengo batean harritzarra txingotik atera zen eta jadanik ez dira tangoak jotzen eta belarrak ez du busti nahi katu bat bilakatu da Platonen taberna irekia dago eta leihoetatik ez dira ametsak ateratzen ezta munstroak sartzen eta inola ere ez maitatutako pertsona ni aspaldian ez naiz intsektu bilakatzen eta ez zait sudurra handitzen umeei gezurrak esaten dizkiedanean eta nola gogoratuko dut ezer fusilamendu pelotoiaren aurrean
Itzal horren morroia naiz bere gerturatze azkar eta geldiezin horren morroia azelerazio basatia bere perfume eta usain gozoa barneratzen nauen azelerazioa bere ilearen eta bere azalaren lurrina bere ezpainen eztia bere ezpatak eta bere bularrak bere mugimendua badirudi ezin izango dudala luzaroan arnastu usain perfektu hori dantza areto batera garraiatzen nauen lurrin gozoa ispilu bat bi hanka eta barra bat munduko oreka mantentzen eta bere oin puntetatik hegan egiten du bere pentsamenduetan zehar maitasunean bere gorputzaren udaberrian barnean duen garren fruitu emankorra bere lurrina besterik ez du uzten eta hau azalera atxikitzen zait nire izatearen poro bakoitzean eta nire zainetan barneratzen dira sistolea eta diastolea beteaz
Eta begiratuko banindu nire aurpegia mundua sortu baino lehen nolakoa zen bilatu beharko nuke ezingo naiz altxatu edo eseri edo etzan eta zerurantz doan sudur hori nire laztanaren erantzun bezala nire aurpegira zuzentzen bada eta ni bere ezpainak ukituko banitu lurra besarkatuko banu eta gero itsasoaren olatuak behingoz geldituko balira txoriek hitz egiten ikasiko lukete eta kantatzeari uko egingo zioten bere begiak ezti kolorea dute eta garia soilik dagoen larre batean finko daude baina nik horretarako besoa luzatu behar dut eta metro horren argia artifiziala izango zen ilargiak duenaren antzera eta denboraren gelditze hau baliteke ibilbide paralelo honen azken geltokia izatea.
Momentu hartan inoiz baino gertuago egon ziren, edo hala zirudien behintzat. Elkar ukitzera iritsi zirela esango nuke, baina hori ezinezkoa zen.
Goiz hartan euriak eta ihintzak inguruko gauzak busti eta tristatu zituen. Bazirudien zeru zuria metro batzuk jaitsi zela lurra laztandu edo zapaldu nahian. Nire buruko goma beltza inoiz baino altuagoa eta finagoa zirudien. Inguruko mendiak elurrez estalirik zeuden, eta beraien ahots sakon eta makala oso urrun galtzen zen. Basoetako eta kaleetako zuhaitzak berriz, biluzik eta trinko zeuden, noizbehinka dardarizo batek astintzen zituen, gehienbat hotzikarak eta haize bortitzak zirela eta. Haien zurtoinen iluntasuna ere nire azalaren iluntasun bustiaren antzekoa zen.
Goizeko hamarrak ziren arren, ez zegoen bikaineko ezer inguru hartan, edo bai, bi mozolo horien gerturatzea zero edo hamar bat izan zitekeen, nork daki.
Hurbiltzen hasi zirenean, nire eskuineko besoan kilimak sentitzen hasi nintzen (batzuetan ziztada elektrikoek min ematen zidaten). Kilimen intentsitatea irribarre saihestezin batean iristen zenerako, nire altuera zela eta, beraien etorrera ikusteko gai izaten nintzen. Momentu hura iritsi baino lehen, nire oinetako harri zuri-grisak mugitzen hasi ziren (askotan jolasten nuen nire oinak elefante baten oinak zirela imajinatzera). Harrixken dardara bere momentuko punturik altuenean gelditu ziren, espazioa eta denboraren antzera.
Txori bat sentitu nuen nire buruan.
Bigarren bagoian agure bat egunkaria irakurtzen ari da, bere alboan, bagoiaren beste aldean, emakume gazte bat leihotik begira dago, aurrean bi gizon dituelarik.
1.gizona
(Eskua ahoa estaltzen diolarik) Aizak, horko neska hori ez zegok gaizki, beharbada potolo xamarra baina sekulako titiak dizkik.
2.gizona
(Disimulatu barik, harrotasun zantzu bat ageri du) Bai arrazoia duk, baina tira betaurreko horiek ez ditiat gustoko.
1.gizona
(Eskua dagoeneko kendu du eta tonu altuegian hitz egiten du) Ze betaurreko eta ze betaurre-ondoko, horiek dida batean lurrean ditik eta hi neskaren gainean. Ez al haiz atrebitzen ala?
Leihotik desbideratzen du bista emakumeak eta zeharka bi gizonei begiratzen die
2.gizona
(Ahopeka) Begira zer lortu duan.
1.gizona zerbait esatera doa, baina norbait sartzen da bagoian. Gizon gazte bat da, plastikozko poltsa bat darama ezkerreko eskuan eta bi gizonen eta emakumearen begiradak gainean dituela, emakumearen ondoan esertzen da honi muxu bat emanez. Agureak algara txiki bat eztul modura botatzen du.
3.gizona
(Plastikoko poltsatik bi koka kola ateratzen dituelarik) Ez zegoen koka kola lightik, hau hartu dut.
Emakumea
Igual da, jateko zerbait ekarri duzu?
3.gizona
(Poltsatik almendra pote bat atereaz) Hartu, aurkitu dudan gauza bakarra da. Aizu erlojua mahaitxotik hartuko zenuen ezta?
Emakumea
(Bi gizonei begirada bat zuzenduaz) Bai, maletan utzi dut. (3.gizonari ezpainetan musu ematen dio) Non gaude, denbora asko falta da?
3.gizona
(Koka kola lata irekitzen du eta honi trago bat ematen dio) Ba egia esan ez nago seguru. (Leihotik begiratzera doa baina bat-batean beste tren batek zeharkatzen du leihoa, oso gertu, ia-ia tren hura ukitzeraino. Gizonak atzera egiten du).
Etxe bateko leihoaren kristalaren parean eserita zegoen txori batek euritik babesa bilatzen zuen. Txoria, hanka finak gorputzean sartuta eta hegoak pega-pega saihetsetan, heriotzari buruz pentsatzen ari zen. Itsasoa urrun zegoen arren, portuetako kiratsa sumatzen zuen txoriak eta horrek bere hezur zaharrak dardara batean jartzen zituen. Kostaldetik zetorren txoria zen arren, mendiak eta basoak bilatzera joan zen, bizitzaren eztiak eta urte onak atzean utziaz, orain inporta zitzaion gauza bakarra heriotza zen.
Leihoaren kristalean bere islada begiratzen egon zen denbora luzean. Bere burua aldatuta ikusten zuen, luma gorriak ilundu ziren eta sorbalda eta hegoetako lumak kaietako koloreaz margoturik zeuden. Bere begiek aldiz, alai eta zintzoak zirauten eta bere bakardadea zen heriotzaren seinale bakarra. Zeren txoriak bakardadean hiltzen dira, ezin dira beste norbaiten aurrean hil, bestela beste txoriek ezingo lukete abestu. Baina kristal hark ez zuen bere isla bakarrik eskaintzen, munduaren egoera ere margotzen zuen, barneko gelaren eta kanpoko errealitatearen itzalak nahastuaz. Txoriak ez zuen ezer ezagutu eta hasperen bat botatzeko nahia izan zuen. Denborak ez zuen soilik bere bizitza ukitu, munduan ere txikizioak egin zituen. Azken euri tantak nagikeriaz eta ahul talka egin zuten leiho-ertzean, eguzki izpi batek hezurrak berotu zizkion.
Hegoak astiro zabaldu zituen, hotza gorputzean sartzeko beldurra baitzuen. Gero hanka meharrak luzatu zituen astiro, beste norbaiten hankak zirela pentsatu zuen txoriak, izotzez egindako hankak. Hiru salto txiki eta neurtu aski izan ziren ertzera iristeko. Behean zabaltzen zen kale bustiari begirada bat zuzendu zion. Blaitutako margolan bat zirudien, dena bustirik eta kolore guztiak belztuta ageri ziren. Euriaren usaina sartu zitzaion mokoan, eta begiak lausotu zitzaizkion distantzia kalkulatzen hasi zenean. Beldur hori ez zen berria, ahaztua zeukala pentsatzen zuen, baina bere anaiak hutsera jaurtiki ziren egun hura gogoratu zuen. Zeru estalia begiratu zuen eta gero kaleetako autoak eta errepideak. Hegoak zabaldu gabe saltatzea otu zitzaion, baina beldur zen. Berriro txorikume izandako urteetara bueltatu zen, amaren mokotik janaria hartu, luma grisak eta eskasak, bere habiaren epeltasuna eta anaien txio gogaikarriak. Haize bolada batek bere oroitzapenetatik bueltatu eta ia leiho-ertzetik bota zuen. Nahikoa zen. Azkeneko aldiz kale hutsa begiratu eta gero, begirada zerurantz zuzendu zuen. Arnasa hartu, burua tente, eta heriotzaren hatsa sentitzen duenaren nerbioekin salto egin zuen. Haizea zeharkatzen zihoala bere buruaz lotsatu zen.
Ez zuen asko iraun. Hegoek berunezkoak ziruditen eta ezin zuen hotza gorputzetik atera. Gainera haize boladek bere norabidea aldiro aldatzen zuten eta zerua bere buruaren gainean eroriko zelaren uste osoa zuen. Trenbide baten alboetan zeuden zurtoinetako batera iritsi zen, gorputza izozturik eta bere barnean azken hatsa mantentzen saiatzen zelarik. Itsasoaren usaina inoiz baino sakonago sentitu zuen. Zurtoina dardarka hasi zen, momentua iritsi zela jakin zuen eta denbora gelditu zen.
|