|
Zertarako ez dakit baina zergatik bai
|
Zuretzat hitz batzuk, bihotz bihotzez:
Barkatu “zuretzat” hori beste modu batetara idatzi ez izana baina ez dut adorerik izan ordezko egokirik aurkitzeko. Saiakera ugariren ondoren, sarrera moduan, hitz kursi edo goxoegi pare bat besterik ez duten zuganako eskutitz hutsez gainezka daukat zakarrontzia eta dagoeneko nazkatu da, ez da paper gehiagorik kabitzen eta nitaz barrezka sentitzen ditut bera eta borragoma. Beraz, izan dadila izan beharrekoa, eskutitz hau da zuganaino helduko dena, eskertuko nizuke barkatuko bazenit akats ortografikorik aurkituko bazenu, kontatuko dizudana bat-batekoa baita eta bat-batean utziko ditut hitz hauek egunero ikusten zaitudan tokian, bihotzari damutzeko astirik ez ematearren.
Dagoeneko badakizu ez dugula elkar ezagutzen, sekula ez dudala zeure izenik entzun, izan ere bestela erraza izango litzake eskutitz urduritu honekin hastea. Ziur nago izen polita daukazunaz, bakarra behar luke izan, ez baitut uste munduan zeurea bezalako izenaz deitua izatea merezi duena dagoenik, ezta zurea bezalako lore-sorta jasoko lukeenik, munduko lorategi politenetako landarez osatua. Ibai ertzeko harrietaraino zoazenean zure zapatek egiten duten hotsa eta bizkar atzetik hegaka darabilkizun ile laranja ere bakarrak direla dakit, ez dut uste, badakit.
Egunero ikusten zaitut, bakarrik zatoz errekara, ez dakit nondik, zergatik edo zertarako ote den, ezta axola ere, are gehiago: nahiago nuke etortzeko arrazoirik edukiko ez bazenu, berarekin zu desagertuko ote zarenaren beldur naiz, ez dakit zer egingo nukeen. Hiru urte hauetan hainbeste amestu dut zurekin ze amesteari utziko niokeenaren izuak kolpatzen du nire gorputza eta orduan galdetzen diot neure buruari…(edo hobeto esanda ene buruak galdetzen dit niri nik halako eskaerarik egin barik): “Baina, hi, zer arraiotan habil? Aizu faborez, utziko al dituzu tontakeriak alde batera? Kalte besterik ez dizu egingo neska horretan pentsatzeak!Zer arraio, ez al haiz konturatzen?” Baina ez da horren erraza…ez. Eta izutu egiten naiz neska, izutu! Ezezagunaren aurrean izutu. Beldurrak irensten nau; hurrengo eguerdian, bazkalostean eskailerak igo eta nire logelara sartzen naizen arte. Zeu zara nire ikarak egin eta desegiten dituena, ene ametsak bete, hustu, ukitu, apaindu, uxatzen dituena. Nik ezin dut deus egin. Ez al zaizu ikaragarria iruditzen?
Hasieratik pentsatu izan dut, eta galdetu nahi izan dizut, soilik kuriosidadez: zuk ez al nauzu sentitzen? Agian galderak arraro samarra dirudi horrela planteatuta, ezabatu egingo nuke beste modu batetara galdetzeko, baina ez. Egia esan nik badakit sentitzen nauzula, baina beldur zara. Ez zara ausartzen erreka atzeko baserriaren leihora begiratzen, norbait zuri begira egongo ote denaren beldur baitzara; badakizulako, oso ongi dakizu ni hor nagoela, maitasunaren arrazoi ezezagunengatik kirioak dantzan dauzkadala zuri begira. Ez dira nire ilusio faltsuak, ni ziur nago sentitzen nauzunaz, eta erreka ertzeko harrian eserita zaudenean sentitzen duzun gozamena nirekin egoteagatik dela, maitatua sentitzen zarelako. Zu bakarrik. Zuretzako maitasunez beteriko mendiez inguratuta eta eguzkiaz argiturik, zu bakarrik ikus zaitzaketen begiak so dauzkazula jakiteak zoriona sentiarazten dizu; baina ez duzu bururik biratzen, ez duzu atzerantz begiradarik zuzentzen, maitasuna ez ikaratzeagatik, arrisku hori ez bizitzeagatik, sentitzen duzuna ez puskatzeagatik. Baina egunero zatoz zuretzat maitasunez apainduriko lekura. Poesia bana idatziko nuke zeure gorputzaren atal bakoitzeko, graziaz beteriko hitz-jokoen bertso apainez deskribatuko zuk egindako mugimendu oro; eta eguzki, lore, mendi nahiz harri guztiei mimoz kontatuko nizkieke euren magalean etzaten zaren bakoitzeko maitasunez ingura zaitzaten; halakorik ordea ez da beharrezkoa besterik gabe ohartu direlako. Paperak aldatu eta zeure larruan egotea gustatuko litzaidakeela esango nizuke eguerdiro logelako leihotik zu ikustearen pribilejioa ez galtzeagatik izango ez balitz.
Pentsatuko duzu erotuta nagoela, edota denboraren makinan erdi arotik datorren juglare bat naizela; baina hau ez da ero batek edonori edota juglare batek bere maiteari idazten dion eskutitza; hau, nik zuri idatzitakoa da; eroarena bezain leloa eta juglarearena bezain arraroa eman dezakedana, hala ez izan arren. Dena den, ez iezadazu eskatu idazki honen inspirazioaren esplikazio garbirik, ez baitago horrelakorik.
Hitz guzti hauekin lortu nahi dudana zer den egiazki ez dakit; desio dudan gauza bakarra da zuk jakin dezazun baietz, eguerdiro berotzen eta besarkatzen zaituztenak zeruko eguzkia eta mendiak ez ezik, ene begirada eta besoak direla. Soilik eguerdietako egonaldia zapuzten dizun beldur izpia deuseztearren. Noizbait burua biratu eta begirada baserriko leihorantz zuzenduko duzulakoan agurtzen naiz. Azkenik.
Aingeru.
|
|
| |
 |
 |
|