|
Ito hadi
Eki jaunak, zarra-zarra dabilen bihotz-gabeari:
Harrapatu eta lepoa estutuko diat, non hago?
Ez hadi ezkutatu, tentuz ibili, isil-gordeka habilen arren, aurkituko haut. Beti habil kirika, munduko zirrikitu guztiak miatzen, edozein txokori hondamendia igortzeko prestu, eta beti zokorik txiroenak aukeratzen dituk Kalamidadea!
Australiatik hego-amerikarantz astiro migratzen duten uso iletsu eta mutur-zuri horietako batek zera entzun ziok Asiako pinu burugogor bati.
"Igaro dira 3 egun, eta 3 gau, eta hondamendia ez da firin-faran haizearekin batera joan. Supituan asaldatu zen itsasoa, eta bere barrenak hustu nahian igorri zigun patu ospel hau. Itsasikarak ikaratu gaitu gu, baina ez dago itxaropena zapuztuko duen tirainik. "
To hemen hiru adibide, nik ikusi ditiat . . . eta pentsatu ezak. . . gogoeten hagin meharrek txikituko al haute!!!
Sumatra, Indonesia ( 2004. urteko Abenduaren 26a)
Etelyren baratza kale bakarreko auzo honetako ederrena omen da, hala diote.
Arrantzara joateko ordua. Amari masail zurian muin eman eta urrats luzez abiatu da Etely handikiro, 13 bete ditu eta inoren laguntzarik gabe badoa itsaso urdinaren magalera, eguerdian amak prestatutako jaki eztien ahogozoa barrunbe guztietan harramazkaka duelarik. Pozik. Irribarretsu. Hodeiertzetik barrena eguzki musugorriak diosala egin dio akitutako egun zaharrari, eta zeru urdin-orlegiari so zegoela, haize bafaden irribarre artean tartekatzen den uso taldea atzeman du, denak arrapaladan hegaka. Gauaren oihu eztiak belarria zulatu dio hondarrean pausaturik dagoen zurezko txalupari bultzada txiki bat eman dion unean, eta zata-plaust! Han abiatu da arrai loti bila. Izan ere, aitona Nekaf-en hitzetan, gau lasaiak dira arrantzarako aproposenak.
Kanabera mehea indarrez heldu eta odolez zipriztinduriko zizaredun amua jaurti du, baina itsas belarra besterik ez. Itsas belarren keru antzuak sudurra bete dio baina ur-uhinek supituan hartu duten indarra izan da Etelyren ezinegonaren zergatia. Beldur da Etely, hatz puntetan dar-dar-dar-dar . . . dardara sentitu du bat-batean.
" olatu erraldoiak apar zuriz apainduriko kukurusta kiribila omen zuen, ume baten irudimen nahaspilatuenak imajinatuko ez zuen tamaina, izutzekoa"
Hondamendia.
Lohiez eta asunez apainduriko baratza da Etelyrena. Aitak landaturiko arteari kimu berriak irten zaizkio, lastima, beranduegi.
Beluchistan eskualdea, Pakistan (hegoaldea)
Shadi Kor urtegia infernuko sugar zitaletan erre bedi.
Peshawar-en, Malavali anderea zahar sentitzen hasia da, arropa leihotik behera jausten den kordan ezarri duenean txoriek ez baitiote egunerokotasun gozoan ohi zuten bezala begia ñikatu. Lastima. Malavali tristetu egin da, senarra Eflasen baratzean lanean hasi denetik airean bafa dezakeen terrenta baita bere adiskide bakarra. Izan ere, ez du besterik egiten, senarrak egunero dakartzan letxuga eta sagarrak ganbaran ihaurri, egunero dakartzan udareak ganbaran ihaurri, azenarioak ganbaran ihaurri . . . Eta eguraldi ankerrak bizilagunaren laranja koloreko teilatua plisti plasta bustitzen du inolako erreparurik gabe, teilatu bizkarrek, ezinean, ura bitara botatzen dihardutelarik. Hotz da Malavali, hala ere biziki maite du hotza. Kanpoan hotz denean, senarrak opariturako oinetakoen ehun leunak behatz nimiñoetan sortarazten dion zirrara berezi hori laket du oso.
Aspaldian galdua du harremana Malavalik hodeiekin. Duela hiruzpalau hilabete, Tebas-en okindegi zatarraren alboan aurkitzen den zuhaitz herdoilaren gerizpean pausaturik, txolarrearen ( passer domesticus) marmar temati eta berantiarrarekin batera gozatu zituen azken eguzki printzak. Printzak. Etsi-etsian oroitzen ditu. Eguzkia da zoriontasun eta pozaldien iturri agortezina, eta ez modu traketsean kaleen jabe diren euri tanta mardul eta ergelak. Eta ekaitza.
Tralavar sendiaren seme gazteenaren oihu urratuek iratzarri dute Malavali bere kolore laranjako gogoeta sakonetatik. " Shadi Kor, Shadi Kor ! ! !" Urrunean burrunba bortitza sentitu du Malavalik eta kalera irten da harridura osoz.
" Shadi Kor urtegiko ur ernegatuek eraman zuten Malavali. Otsailaren 13a, igandea, egunkarietan hondamendiaren adierazle diren irudiak ageri dira. Zuhaitz zorrotzez eta lokatz beltzez estaliriko "FDL 4645" matrikula duen beribil zuria ageri da, bibote mardula duten gizon sendoek inguratzen dutela. Malavaliren arima ameslaria ez dabil urrun. "
Se elevan a 300 los muertos por la rotura de la presa y el temporal de lluvia y nieve en Pakistan
Venezuelan, hor nonbait (Merida eskualdea, Santa Cruz de Mora sektorea)
Guaire ibaiaren gainezkaldia nork espero. Ama ezkontzari buruz mintzo zaio Alvarori, baina Alvaroren kezka bestelakoa da. Zerutik jausten den txingor ahula autoaren leiar-xaflan labaindu da. Trumoiaren orroa lazgarria da oso, eta lurrak bat-bateko burrunba batekin eztanda egin du, Alvaroren beribil orlegia irauliaz.
Ezker eskuin, goitik behera, ura besterik ez. Ibaiaren haserreak zaplaztada eman dio auto errubakoari. Eta Alvaro ezustean irentsi du urak, amak eskua tenkatu dio eta heldu du semea.
" Mami, no me sueltes por nada del mundo"
--------
Eduki al duk gogoetarako betarik? Txikizioa besterik ez. Azkenaldia honetan neurrigabe jokatu duk, burugabe alena!! Zelatan, barruak edozein bazterretan hustuaz, harrapatu eta lepoa estutuko diat.
Hi neguko gizona haiz, abenduko hilabete hotzean plazaratzen duan pailazo traketsa. Utzi hitzak hire haserreak etxean edo ito hadi hire uriol nazkagarri eta hiltzaileetan. Hiltzaile bat haiz, hiri eske jendeak lehorteei buru egiten ziek, bai, baina ez pentsa ezinbestekoa haizenik.
Gogoratzen nauk, udazkeneko tristura eta kadentasunaren artean elkarlanean ortzadar eder eta txundigarri egiten genianean. Baina ortzadarra markestu duk betirako, eta jarrera berekoi horrekin lagun bat galdu duk betirako.
Ez zekiat non hagoen, zein haizen, baina bazekiat zer egiteko gai haizen.
Loaldi artega batetik iratzarri ninduan behin, txikitu berri duan planetaren alboan, izar argitsuekin solasean ari ninduan.
Nire sugarrek eta printzek egunen batean txikituko hautelakoan, jaso ezak mespretxuz beteriko diosal hau.
" Etorkizunean pairatuko dituk hire sarraskien ondorioak, egon hadi "ez-lasai".
Betirako hire arerio
Sutan dagoen Eki
Gartxot Unsain Letona
|
|
| |
 |
 |
|