HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Premio Literario Koldo Mitxelena »  2005 - 16 edición: obras premiadas »  Ipuina »  Itziar Navarro

Itziar Navarro

Mutxurdinak leihoetan



Izengoitia: ZIPI Lehiaketa: Ipuina Kategoria: D Karaktereak: 30500


Maddalen dut izena. 34 urte ditut. Donostiako Zentroko supermerkatu batean egiten dut lan (hobe izena ez aipatzea…). Nire adineko beste hainbat neska bezala, bakarrik bizi naiz (beno, Momo, nire txakurrari konpainia dei ezin badiezaioket, behintzat…).

Nire eguneroko rutinaren menpean, abenduko ostiral euritsu hartan ere goizeko 7:00etan esnatu nintzen. Beti bezala, gerentea atean zegoen nire zain. Hatzarekin erlojua erakutsiz eta burua alde batetik bestera astinduz barrura sartzen utzi zidan. 5 minututan jantzi nuen uniformea. Derrigorrezkoa izango ez balitz… Ziur nire gorputza dena baina lodiago ikusten dutela bezeroek traje estua daramadanean. Beno, egia esan, berdin zait. Nork egingo lioke so ni bezalako neskazahar bati? Ja, inork ez. Inork ere ez.

7:35 ziren. Nire lantokian nengoen zutik. Beti galdetzen diot nire buruari ea zergatik irekiko ote dugun denda horren goiz… Nor dago erosketak ordu horretan egiteko bezain zoratuta? Ba, inor ez. Inor ere ez.

Jada nire aulki deserosoan eserita nengoenean, bi bezero sartu ziren dendan. Bata adindua (zertarako gezurrik esan, zaharra), eta bestea susmagarriki gaztea.

Zer egingo ote zuten hemen? Nik dakidala, supermerkatuaren historia osoan ez zen inor inoiz hain goiz sartu (inor ere ez!). Agian sariren bat eman beharko geniekela pentsatu nuen irribarrez.

Biak korridore berera zihoazen. Nik ordenagailuko pantailara bideratu nuen atentzioa, baina geroztik ez ziren 3 minutu igaro bien arteko elkarrizketa entzun nuenean. Jakinminak bultzatuta, pauso isilez pasilora hurbildu nintzen.

Berehala ezagutu nuen sekzio hura.

Ezetz, bada! Nireak direla! – esan zuen agureak.

Zer diozu baina! Ni iritsi naiz lehenago! – erantzun mutilak.

Gertutik, gazteak oraindik lirainagoa zirudien (30 bat urte izango zituen).

Barkatu, lagun zaitzaket? – esan nuen nik, agurearengana urreratuz.

Bai, zera,… - hasi zen bera - Nire alabarentzat erosi nahi nuen produktua basatiki eskuetatik kendu didan gazte hau denuntziatu nahi nuke…

Zein “produktu”, hau? – esan nuen nik, Durex kondoi kaxa eskuartean hartuz.

Eh… Bai. – erantzun zuen gizonak, lotsaz gorrituta.

Nola izango da hori zure alabarentzat, mahats pasa! Zu zahar lizuna besterik ez zara eta…! – gazteak algaraka. – Eta gainera, kondoiak nik hartu ditut.

Zein bertsio zen sinetsi behar nuena? Bideo-kamerak grabatutakoa ikusi eta ziotena egiaztatu behar al nuen? Buff, ez nuen batere gogorik.

Orduan, Salomonen metodoa erabili behar al nuen, kondoia bitan zatituko nuela esanaz? Ez dut uste ezertarako balioko zuenik. Nire burua imajina nezakeen erregearen lekuan. Ez nuen eroetxe batean amaitzeko asmorik.

Aukera egin behar nuen agure zimurtsuaren eta Brad Pitten antza zuen paregabeko mutilaren artean…

Irtenbiderik errazena hautatu nuen: kaxa niretzat gordetzea. Aitona izorratzeagatik eta gaztearen aurrean lotsagabearena egiteko edo… Badakizue maitasuna nolakoa den.

Ganbaratik jota nengoela pentsa zezala. Ez ninduela aise gaztanberatuko erakutsi nahi izan nion.

Eta hau guztia hitzik esan gabe burutu nuen, 15 bat segundutan. Bitartean, eh, uh, bai, zera, eta beste hainbat monosilabo erabili nituen nire erabakia hartzeko moteltasuna jasan zezaten.

Sentitzen dut, baina horrelakoetan produktua gerenteari eraman ohi zaio, eta erosleei berriak enkargatzen zaizkie… - barrez ez lehertzeko ahalegin izugarria egin behar izan nituen.

Aitona gaizki esaka joan zen (batek daki nora eta zertara!), eta gaztea niri harrotasunez begira geratu zen apur batean. Nik, tenteltzen hasia nintzela ohartu bezain laster, beste alde batera begiratu nuen lotsagorrituta, eta merkadiloan erositako plastikozko zueko kolorgeek uzten zidaten bezain azkar (oinak arrastaka eramanaz ahal nuen bezala korrika eginaz) nire aulkitxora bueltatu nintzen. Horrelako mutil puskak begirada lotsagabeak zuzenduz supermerkatuan maizago agertuko balira, dendaren salmentak, faktore sinple horren eraginez derrepentean igoko lirateke. Eta, noski, orduan nik nire lanarekiko errespetu minimo bat izango nuke.

Hori bai, gerentea (Iditxo, langileentzat) kondoi kaxa gorde nuela ohartzen bazen… Agur esan niezaiokeen nire lanpostu maiteari. Beno, beste era batera esanda, nire lanpostuari - hutsik -, ez banuen nire lanarekiko inongo “maitasunik”. Hurrengo egunetan ezin izan nuen mutil hura nire burutik atera (Iditxo ez, Brad Pitt!). Jada ez nintzen Bridget Jonesekin identifikatuta sentitzen. Bukatu zen niretzat gauetan ohean lo egin ezina eta Mikel

Laboaren Mutxurdinak kanta entzuten nuen bakoitzean barrenak kiskaltzea bolada baterako.

Gauetan ohean lo egin ezina bukatu zela esan dudanean, ez nuen lo hartu ahal izan nuela esan nahi; ezta gutxiagorik ere! Kontua da, gauero pelikula bat alokatzen nuela etxe azpiko bideo-klubean, eta berandu arte egoten nintzela telebistaren aurrean Shakespeare in love eta antzekoak ikusten, ohean esna babalore bat bezala etzanda egon ordez.

Zoriontsu nintzela sinistu nuen, nire bizitzan lehenengoz!

Baina nire bizitzako pasarte guztietan bezala bazen BETI momentu zoragarri hura amaitutzat ematen zidan norbait.

Sinesgaitza bazen ere, nire ahizpa Miriamek eman zidan zorigaiztoko albistea. Ustekabean, hori bai.

Eta niri, pozik bizi nintzenez, burua joan zitzaidan eta supermerkatuan gertatutakoa kontatu nion.

Buffa… Badakin, gaur egungo zaharrek ez dinate lotsarik aitzakiak asmatzeko garaian. Alaba kulpatzea ere… - esan zuen, serio plantak eginaz eta barreari eutsi ezinik.

Bai…Eh, zera, ba al dun amaren berri? – galdegin nion nik.

Bart deitu zinan azken aldiz. Ez omen zegonan ondo…

Bisitatu hunan, ezta? – galdetu nion nik, erantzunarekin asmatuko nuelakoan.

Ba, egia esan ahaztu egin zitzaidan. – esan zidan berak lasai oso.

ZER?!

Agatha Christieren nobeletan irakurritako heriotza posible guztiak ahizparekin praktikan jartzeko gogoa etorri zitzaidan.

Eh, lasai neska! Ez zela larria esan zinan, eta ez gintuela ordu horietan etxetik atera nahi…

Miriam beti bezain lasai, erlaxatuta, momentu oro don’t worry be happy kanta nazkagarri hura buruan bueltaka izango balu bezala… Nire ama gaixoa, bitartean, pixkanaka joaten ari zitzaigun. Egunetik egunera gertuago zegoen aitarengandik. Eta ni ez nengoen abesti txoroak entzuteko prest.

Ostiela, Miriam, behin besterik ez dinat esango: ama zeruko ateetan zagon eta gure laguntza behar din. Dionan hitz bakoitza gaizki ulertzen din eta guri enbarazu besterik ez digula egiten uste din… Ba, badakin zer, Miriam? Nazka-nazka eginda nagoela hitaz! Potrotaraino nagon ama bisitatzen dudan bakarra izateaz! Jon Mikelek egin dezala nahi duena, baina amak behar gaitin eta ez dinagu bakarrik utziko, ENTZUN?

EZ HIK ETA EZ NIK!

Denbora asko igaro zen jada Jon Mikel bere neskalagun ingelesarekin Australiara joan zenetik. Ez dut uste ama gaixo zegoela ere zekienik… Bera ere oso don’t-worry-be-happy-a zen (barkaidazue nire ingelesarekiko jakituria – eta jakinmin – eza).

Isiltasuna telefonoaren beste aldean.

Ni orain noa nola dagoen ikustera. Bihar han ikusi nahi haut, ados?

Entzun eta ixil, baiezko borobila (nik horrela interpretatu nuen, behintzat).

Eh, sentitzen dinat honela jarri izana, baina beharrezkoa zunan. Beno, bihar arte orduan.

Eta telefonoa eskegi nuen.

Ordulariari begiratzean hirurak laurden gutxi zirela ikusi nuen. Iditxori deitu eta amarena aditzera eman nion. Lasai joateko esan zidan, aurkituko zidala ordezkariren bat.

Ni presaka atera nintzen etxetik, baina ez lasai. Hurrengo ordainketan 10 bat euro gutxiago aurkituko nituen segur aski, amarekin igarotako arratsalde guztiengatik (hau ez baitzen lehenengoa).

Honelakoetan, Jessica Sarah Parker Smith edo delakoak idatziriko liburuan estresaren aurka proposatzen zituen ariketa batzuk egitea izaten zen ohikoena. Arnasa hartu, eta bota. Hartu, eta bota.

Baina nire kasua apartekoa zenez, nik banuen metodo hobe bat: hitz plakaia. Ezagutzen nituen hitz potolo guztiak gogoratu eta ahal nuen azkarren ahopeka esatea, alegia.

Batzutan ez ote dudan eskizofreniarik izango galdetzen diot nire buruari.

Honela, ahoa erdi irekita nuela, nekizkien irain guztiak esaten joan nintzen Santa Katalina zubia zeharkatzen nuen bitartean. Aterkia irekitzea ahaztu egin zitzaidan eta zoroetxe batetik atera nintzela zirudien. Nik uste norbaitek entzun ninduela (bestela, zergatik geratzen ziren ematen nuen pauso bakoitzeko bizpahiru emakume edo gizon niri begira?); baina konfiantza osoa nuen nire metodo miragarrian eta amaren aurrean zoriontsu nintzela irudikatu nahi nuen.

Blai eginda heldu nintzen eraikin zaharrera. Irainen hiztegia Atik Zra hamaikagarren aldiz errepikatu ondoren arnasa sakonki hartu eta 6. pisuko botoia sakatu nuen. Espero nuena baina arinago erantzun zidan amak.

Bai? – erantzun zidan, beti bezain mesfidati.

Ni naiz, ama, Maddalen.

Alaitasunez edo, hasperen egin zuen.

Igo zaitez, bada…

Eta telefonotxoa utzi zuen. Nik bigarren aldiz deitu nion.

Ama!

Bai? Maddalen, ez al dabil ongi? – galdetu zidan.

Ez, zera da… Irekitzea ahaztu zaizula. Ireki atea, mesedez.

Gaixoa… Azken egunetan ez zebilen oso sano… Zera, memoria kontuetan.

Etxeko igogailuak soinu beldurgarriak egiten zituen 50 kg-tik gorako norbait igotzen zen bakoitzean, eta badaezpada, eskaileretatik igotzea erabaki nuen, noski, nire super-tonelajearekin bertara sartzea suizidioa izango litzatekeelako. Ariketa fisikoa egitea ez zetorkidan batere gaizki… Eta gainera, ni klaustrofobikoa izanik, gela txiki horretan harrapatuta geratu nintekeela pentsatzeak bakarrik kikildu egiten ninduen.

Footing erritmoa hasi nintzen korrika, gimnasioan erakutsi bezala arnasa hartuz, 10 eskaileraz behin 2 segundo geldituaz, baina alferrik… Azken solairura iritsi nintzenean, jada pott eginda nengoen. Beraz, amari pozik bizi nintzela sinistarazteko planak porrot egin zuen, berak atea ireki zuenean lehertuta nengoela antzeman zuen eta.

Aspaldiko, Maddalen. – esan zuen, nigana hurbilduz.

Ni arnasestuka ari nintzen eta ezin nuen txintik ere esan bihotzekoak emango zidalakoan.

Ea, sartu zaitez etxean, neska… Hemen beti izango zarete ongi etorriak…

Nik eskua mugitu nuen eskerrak eman nahian. Sukaldera joan zen eta baso bat ur ekarri zidan. Nik tragoxka batez edan nuen guztia, eta bitartean ama bere besaulkian eseri zen.

Ai, ai, Maddalen… Hori da, hori, sasoi makala… Kirolik egin al duzu azken aldian?

Ni, pentsakor, DBH bukatu nuenetik ez nuela pilota bat ukitu ohartu nintzen. Baina jada berandu zen iraganaz damutzeko. Edo, hobeto esanda, hori sinetsi nahi izaten nuen.

Amak bazekien hobe nuela ez erantzutea.

Eta… hobeto zaude orain? Miriamek bart ondoezik sentitu zarela esan dit. Medikuarengana eraman zaitzadan nahi al duzu?- galdetu nion nik, arduraz.

Ohartuko zineten jada nire amari zuka hitz egiten diodala. Errespetu kontua da.

Bai, bai… Gauerdian izerditan esnatu eta sukalderako bidean zorabiatu egin nintzen, besterik ez…

Hilzorian egotearen sintomak nabariak ziren.

Ama, goazen ospitalera… Benetan larri zaude… - esan nion nik, besotik helduz.

Ezetz ba, Maddalen, ni primeran nago… - erantzun zidan berak, berriro eseriz.

Eta gainera zentzua galtzen ari zen.

Baina Maddalen, utz nazazu bakean…

Honelako kasuetan serioski hitz egin behar izaten da.

Ama, ez nazazu zu arrastaka eramatera behartu…

Maddalen, ESER ZAITEZ ETA ISILDU, MESEDEZ.

Umore aldaketek atake epileptikoak eragin zitzaketela irakurria nuen.

Duela hilabete batetik edo, egunero gertatzen zait zorabioena…

Falta zitzaidana.

…ez nizuen esan nahi, zuek ez kezkatzeko, baina Maddalen, gaur beharrezkoa zela ikusi dut.

Ba, eskerrak beharrezkoa zela. Noiz esango zigun bestela? Bere hiletan?

Uler nazazu, Maddalen. 82 urte ditut. Orokorrean, ez nabil osasunez ongi. Zentzumen guztiak nahiko izorratu zaizkit urteak joan ahala, zahartu egin naiz eta momentu honetan badakit gaur bertan hil naitekeela. Baina badakizu zer? Heriotzak ez nau beldurtzen.

Emakume hura zoratuta zegoen. Baina nire ama zen (bera ere nahiko easy-going-a).

Zaharren egoitza batean igaro nezake geratzen zaidan denbora, baina ezingo nuke nik nahi bezala gozatu. Hemen nagoen moduan pozik bizi naiz. Lagun asko ditut, batzuk zeruan eta besteak hementxe. Baina 2 alaba lurrean besterik ez ditut, - jada ez zuen Jon Mikel bere semetzat hartzen, harrigarria bada ere – eta mesedez, lurrean nagoen bitartean, lasai ikusi nahi zaituztet. Gazteak zarete, Maddalen. Ardurarik gabe bizitzeko arrazoi dexente dituzue oraindik.

Amak esandako guztiak hunkitu egin ninduen. Malkoak masailetan behera erortzen hasi zitzaizkidan. Nire amak begiak estutu zituen eta irribarre egin zuen. Harengana hurbildu nintzen eta goxoki esan nion belarrira: << Zin dagizut zoriontsu biziko naizela. >>

Mutil laguna aurkituko nuela promes egin berri nion amari.

Guri begira egon zitekeen norbaitek eszena hura patetikoa zela esan lezake. Nik beste adjektibo bat erabiliko nuke. Maitagarria, adibidez.

18:30ak aldera ailegatu nintzen etxera (supermerkatura joateko inongo gogorik gabe). Arratsean lagunekin geratzea erabaki nuen. Egia esan, lagunarekin esan beharko nuke, nire adiskide gehienak (guztiak) ezkonduta, mutil lagunarekin edo alargunduta (agian, bai, ez ditut aspaldian ikusi) zeudelako. Guztiak Maite izan ezik. Gaztetan M & M goitizenez ezagutzen gintuzten. Parrandaz parranda ibili ohi ginen. Oraindik ez nintzen zetazeo edo foken taldean sartu, noski. Baina, kontraesana dirudien arren, gehien ateratzen ginenak baginen ere, ez genuen inoiz besteek adina ligatu. Ez genuen gure erakargarritasunean konfiantza gehiegi.

Horregatik harri eta zur geratu zen Maite gau hartan ateratzea proposatu nionean. Mutilen kontuan etsita genbiltzan biak, eta nire eskaintza onartu zuen.

20:00ak pasatxo ziren Bataplan diskotekara iritsi ginenean. Gu (M & M, aspaldiko partez) nahiko apain jantzita gindoazen: biak Lois bakero garestiekin eta Pepe Jeans eta Stradivarius kamiseta informalekin. Dena ondo zihoan dantzalekura sartu ginen arte.

Zerbait susmatu behar izan nuen sarrerako atezainak begiratu zigun eragatik.

Abenduak 18, osteguna. Maite eta biok Bataplanera sartu ginen bakalao musika entzuteko asmoz. Eta sartu bezain laster, flipatzen hasi ginen (Euskaltzaindiak onartu ez duen espresio hau ingelesezko “fliping” aditzetik datorrela uste dut – ez zaitezte nire ingelesezko ezagupenez fidatu -, harrituta geratu ginela esan nahi dut).

Dantzan zebiltzan mutil eta neska guztiak 30 urtetik beherakoak ziren! Guztiak jiratu ziren M & Mri begira geratzeko, 2 australopithecus agertu izan balira bezala. Antzinako pertsonaia mitologikoak bezala geratu ginen generazio berriko umemoko haien aurrean. Barregarri. Eta gainera, entzuten zen musika ez zen gure garaiko ohiko bakalaoa, dance antzekoa baizik.

Barrara hurbildu ginen, azalpen bila.

Aizu, zergatik doa hemen jendea honela jantzita? – galdetu zion Maitek zerbitzariari.

Berak gure pareko ispiluan itsatsita zegoen kartela erakutsi zigun. Honela zioen:

Jueves universitario en Bataplan / Ostegun unibertsitarioa Bataplanen

Si eres menor de 25 años y mayor de / 25 adin baina txikiagoa izanez,

18, ven los jueves a Bataplan / eta 18 baina gehiago urteak, etorri Bataplanera.

La mejor música dance. / Musika onena: dance.


Itzulpena penagarria zen arren, ulertzeko gai izan ginen. Elkarri begiratu genion eta Maitek irribarre egin zuen.

Gutxienez mozkortuko gara, ezta?

Guretzat irtenbidea beti alkohola zen.

Bi Gin Tonic, mesedez. - esan nuen, Maitek guretzat eserleku egoki bat bilatzen zuen bitartean.

Musika ozenegi zegoen, eta zerbitzariak ez zuen piperrik ere ulertzen.

¿QUÉ? ¡HABLA MÁS ALTO! – Gorra zegoen gizon gizajoa. Ez nintzen harritu.

¿NOS PUEDES PONER 2 GIN TONICS? – saiatu zen Maite.

AH, NO… ES QUE SE NOS HA ACABADO LA GINEBRA... ¿OS IMPORTA TOMAR LA TÓNICA CON ALGUNA OTRA COSA, O A SECAS?

Baina guk ezin genuen sabotaia hura onartu. Gin Tonica Gin-ik gabe ez zen ezer ere ez!

EZ, ESKERRIK ASKO.

Maite Intxaurrondon bizi zenez, gau hartan nire etxean lo egitera gonbidatu nuen. Las amistades peligrosas filma alokatu genuen bideo-klubean, eta pizza bat eskatu genuen gose handirik ez genuen arren. Goserik gabe ere bion artean jango genukeen telepizza familiar bat. Pena zen familiarik ez izatea. Gurasoez hizketan aritu ginen, nire amaz, bere aitaz,… Eta gure bakardadeaz. Berak neskazahar hilko zela pentsatzen zuen. Baina nik oraindik ez nuela esperantza guztiz galdu aitortu nion. Hala ere, ez nion Super-eko mutilarena kontatu.

Etxeko arropa janzten nuen bitartean (nuen txandal handi eta zarpailtsuena), bera telepizzakoari atea irekitzera joan zen.

Maddalen! – esan zidan, galtzak sartzen ari nintzen bitartean.

ZEEEERRR...! – erantzun nion nik, hanka bat galtzen barruan eta bestea kanpoan nuelarik, saltoka.

15 zentimo falta zaizkit! Ez ziren 13,25; 13,40 baizik!

Ispilura begiratu izan banu konortea galduko nuen nituen piurak ikusita. Zorionez (edo zoritxarrez) ez zitzaidan komunetik pasatzea okurritu.

BANOA…!

Nire etxea ez zen oso handia, baina nire laguna eta ni korridore luze batek banantzen gintuenez, normala irudituko zaizue gu oihuka aritzea.

Lasterka joan nintzen atera, 15 zentimoak eskuan nituela.

Telepizzakoak xuhurrak dira gero, 15 zentimo ez barkatzea ere… - marmar egin nuen, pasilloaren amaieran.

Baina atean nor zegoen jakin izan banu, nire hitzak jango nituzkeen.

Erosleak ez zarete gutxiago, ez duzue inoiz eskupekorik ematen eta… - esan zuen ahots lotsagabe batek.

Eta han zegoen bera, Troyako Brad Pitt bezala, atearen goialdean lotuta zegoen mihura hostoen azpian, igogailuaren argiak argituta.

Jada, ohartuko zineten supermerkatuko gazte liraina zela.

Nire harridura asko nabaritu behar izan zitzaidan. Mutilak goitik behera begiratu zidan eta barrez hasi zen. Orduan Maitek nire isolatzetik atera ninduen ukondokada batez.

Maddalen, zentimoak… - xuxurlatu zidan.

Ni arrapaladan joan nintzen nire gelara. Ahal nuen azkarren, itsulapikoa ireki eta 2 € atera nituen. Ate ondora bueltatu nintzenean ilea are aztoratuago nuen, baina mutila oraindik irribarrez ari zen.

Zuek ez zarete ba, erosle normalak. – esan zuen, eta bisera ondo jarriz eskaileretan behera abiatu zen.

Aldendu zenean, pelikuletako ohiko hasperen hori egin nuen.

Ahh… Anormalak garela esan du… - esan nuen, lerdea lurreraino erortzen ari zitzaidala ohartu gabe.

Ai, Maddalen… Benetan larri zaude, eh? Tira, itxi atea eta zatoz hona, pelikula jarri dut eta.

Filmeko gazte guztiek (Keanu Reevesek, batez ere) Mutila – hizki larriz – gogorarazten zidaten (baita John Malcovichek ere)… Maitek, ameslari aurpegiz begiratzen niela ohartzean, galdetu zidan:

Kasualitatez, ez zenuen pizza zekarren mutila ezagutuko, ez?

Eta nik, memelotuta, ezezkoa egin nuen buruarekin.

Ostirala, 7:00ak.

Egun on, Maite! – deiadar egin nion lagunari bere gelan sartu bezain laster. - Zer moduz lo egin duzu? – pertsianak igo nituen. Panorama ez zen oso polita. Beste ostiral hotz eta euritsu bat zen hura. – Altxa zaitez eta zatoz nirekin gosaltzera… Ez al dituzu eguzkiaren izpi ahulak zure aurpegia laztantzen sentitzen? Ez al dago zerua besteetan baina urdinago? Ez al duzu txorien kantua entzuten?

Berriro ere, Maddalen, “fliping” erreakzioaren sortzaile.

Baina zertaz ari zara? Maddalen, goizeko zazpiak dira, zerua lainotuta dago, eta kantuan ari dena bizilagunaren senarra da! – esan zidan berak.

Esna zaude, bada! Pozten naiz. Laranja zukua eta xigorkiak prestatuko dizkizut. 5 minututan sukaldean ikusi nahi zaitut!

Maitek berriro lo hartu zuen. Ondoegi ezagutzen ninduen hura nire “helping atack” –jendeari laguntzeko gogoa sorrarazten duen izaera aldaketa – bat besterik ez zela ez antzemateko.

Goiz iritsi nintzen lanera. Eta, behingoz, ez ninduen nire itxurak batere kezkatu…

Brad Pitt superean sartu zen arte. 9:00ak izango ziren. Mutila betiko korridorera joan zen ohiko produktua eskuratzera. Eta a ze ipurdia zuena… Dios! (ez dut uste pentsatu nuen guztia idatzi behar dudanik –umeen hobe beharrez zentsuratuta bukatuko luke–).

Ez al dut lehenago aipatu? Gaztea goizero etortzen zen kondoiak erostera. Bere etorreren ordutegia egina nuen, noiz agertuko zen jakiteko.

Horregatik, egun hartan EZ NUEN UNIFORMEA JANTZI. Iditxo bere bulegoan zegoen, urte berrirako kontuak egiten, eta niri adrenalina igotzen ari zitzaidan igarotzen zen minutu bakoitzeko. Nire jantzirik politena eta informalena jantzia nuen mutila txunditzeko. Azken lan eguna zen, gabonak baino lehen. Agian, gabonen ondoren beste denda batean langile ederragoren bat aurkituko zuen… Auskalo! Nik, badaezpada ere, nire trikimailu guztiak erabili nahi izan nituen.

Egun on. – agurtu nuen.

Apa… - erantzun zuen berak.

Dena oso ondo zihoan. Kondoi paketea eman zidanean gure eskuek milesima batez elkar ukitu zuten. Nik ez nuen berak paketeen

barra-kodigoak topatzen oso traketsa nintzela antzematerik nahi, eta aurreko egunean buruz ikasi nuen prezioa esan nion, naturaltasun osoz:

Hiru euro eta berrogeita hamar.

Berak eskua poltsikoan sartu zuen, eta bost euro eman zizkidan.

Ez, barkatu, baina hau ez da… - hasi nintzen ni, erdi hitz totelka.

Pozten nau zuk prezioa buruz ikasi izana, baina atzo igo zuten eta orain 5 euro balio dute kondoiek.

Hau… zera… nik… eh… - Monosilabo woman erasoka berriz ere.

Orduan, eskua heldu zidan (ez dakit kondoi kaxa askatu ez nuelako izango zen); eta bere irribarre berezi horrekin, nigana hurbildu eta esan zidan:

Ez nuen zu galtzen ateratzerik nahi. –hain zegoen epel bere eskua…– Oso polita zaude, baina zoaz aldatzera, laster nagusia agertuko da eta.

Distantzia horretara, bere lurrina usaindu nezakeen.

Eskuarekin agurtu ninduen eta supermerkatutik atera zen, ni shock egoeran utziz.

Konortea berreskuratu nuenean arropaz aldatzera joan nintzen, noski. Gertatutakoa errepikatzea nahi banuen, lana kontserbatu beharko nuen.

Etxerako bidean gertatutako guzti-guztia Maiteri kontatu behar niola erabaki nuen, baina etxera iristean bera ez zegoela han ohartu nintzen. Berak idatzitako nota bat aurkitu nuen hozkailuan:

Mila esker denagatik, wapa. Goraintziak familiari. Zerbait behar baduzu etxean egongo naiz nire artikulu berria idazten.

Maite


Aurreko gauean 2 pertsonentzat bazkaria egin izanaz damutu nintzen. Bere razioa tuper batean sartu nuen eta dilistak berotzen jarri nituen.

10 minutu geroago, telefonoak jo zuen, eta komunean harrapatu ninduen.

BANOAAA!

Ez dakit zertarako egin ohi dudan deiadar norbait telefonoz deitzen ari zaidanean. Badakit alferrik dela eta ez nautela entzuten… Telebistan egiten dutelako izango da. Galtzak belaunetatik behera neramatzan telefonoa hartu nuenean. Baina bestaldeko (irainen hiztegiko

fitxategiko hitza) horrek telefonoa eskegi zuen jada.

Kontestadorean mezu bat zegoela esan zidan Telefonikako ahots monotono batek eta nik 1 tekla zapaldu nuen mezua entzuteko. Ondorengo hau zioen…

Eh… Kaixo Maddalen, aspaldiko…Badakizu nor naizen, ez? Ongi… Zera… Mugikorretik deitzen ari natzaizu… Egoera larri batetik atera behar nauzu. Eh… Beno, ohartuko zinen Donostiara bueltatu naizela, eh? (barre algara urduria) Beno, zurekin hitz egin nahi nuke lehenbailehen. Laster ikusiko dugu elkar, ongi?

Nolatan ez nuen nor zen jakingo ba! Australiara joan zen, inongo azalpenik eman gabe, eta 3 urtean ez zuen etxera deitu ere egin! Nola ez nuen ba nire anaia Jon Mikel ******* ezagutuko?

Eta zer esan nahi zuen “laster ikusiko dugu elkar” horrekin? Nik ez nuen ezer jakin nahi! Joan zedila etorri zen lekutik!

Txirrina jo zuten. <>, pentsatu nuen. Gertatu zitzaidana ezingo nuen luzarorako gorde. Baina atea zabaltzean ezusteko galanta hartu nuen. Nire aurrean zegoena ez zen nire lagun mina; hawaiano blusaz eta bermuda motzez jantzitako 40 bat urteko brontzeatu ederra zeraman gizona baizik! Jon Mikel, alegia.

Ustekabean harrapatu ninduen.

Mugimendu erreflexuak martxan jarri nituen eta atea muturren aurrean itxi nion. Beno, ez guztiz, berak hanka jarri baitzuen. Eta nik harrapatu.

Maddalen… Ireki atea, mesedez… - zioen oihuka.

Errenka ari zen eta hankan egin niona nahiko mingarria zela zirudienez, errukitu egin nintzen eta barrura sartzen utzi nion.

5 minutu dituzu dena azaltzeko edo kanpora botako zaitut. – mehatxu egin nion.

Goitik behera begiratu nion nazka aurpegiaz, baina barren barrenean nik bere falta izan nuen azken 3 urteetan. Eta azalpen on bat eman ziezaidan desiratzen ari nintzen. Ez nuen femme fatale papera oso ondo egiten.

Ni sukaldeko aulkietako batean eseri nintzen, eta bera paretaren kontra zutik geratu zen.

Buff… Ez dakit nondik hasi…

Munduaren beste aldetik zetorren eta ez zekien zer esan. Ondo genbiltzan ba.

Kontaidazu zure bidaiaren arrazoia. – agindu nion nik.

Berak honek-ez-garamatza-inora esan nahi zuen aurpegia jarri zuen, baina nik haserre begiratu nion, eta kostata, hizketan hasi zen:

Oroitzen zara Ivanaz?

Top Model Kournikova horretaz? Nola ahaztuko nuen ba, nire anaia eraman zuen barbie princess madarikatua?

Ba, dakizunez, elkarrekin ateratzen ibili ginen udara hartan. Australiarra zen, eta jaioterriaren falta zuenez, bueltatu nahi zuela erabaki zuen. Ekipaia prestatu zuen, eta nahi banuen berarekin joateko eta bestela ni beretaz ahazteko esan zidan. Aste bat izan nuen proposamenaren aurrean zer erantzun pentsatzeko… Eta bere presioen ondorioz, azkenean, berarekin joatea erabaki nuen…

… ama, Miriam eta ni hemen utziz, ez? Aita hil berria zen eta zu Australiara joan zinen aurkitu zenuen lehenengo txorimaloarekin! Eta, gainera, luzaroan egon behar bazinen ere, ez zenuen ezer esan… - aurpegiratu nion nik.

Ez, ez duzu ulertu… Ivanak bere gurasoak bisitatzera joan ginela esan zidan. Nire aurrezki guztiak erabili nituen bi hegazkin txartelak erosteko…

Ah, eta, gainera, txartela ordaindu zion ia ezagutzen ez zuen neska atzerritarrari! Viva la vida, aizu!

Iristean bere “gurasoen” etxera joan ginen. Erdi erorita zegoen baserri txiki bat zen, eta han ez zen inor bizi, edo hori iruditu zitzaidan niri… Baina berak baietz esan zidan, hura zela bere gurasoen etxea, eta beste etxeren batean biziko zirela orduan. Nik susmo txarra hartu nion guztiari, baina ez nuen gezurra esateko gai ikusten. Honela, 2 hilabete eman genituen han. Bere lagunak aurkeztu zizkidan, eta egunero festa batera joan ohi ginen. Nik oso gutxi nekien ingelesez, eta ez nien piperrik ulertzen, baina berarekin gustura nengoen. Nire egonaldia luzatzen joan zen. Eta parrandak ugaritzen. Egun batean, ia ez zitzaidala dirurik geratzen ohartu nintzen. Ivanari albistea eman nionean, bere lasaitasunak urduritu egin ninduen. No problem, esan zidan. Baina ni etxera bueltatu nahi nuela esaten hasi nintzen. Berak nik onartu nahi ez nuena errepikatzen zidan, ez nuela bueltatzeko adina diru. Ea berak utz ziezadakeen galdetu nion, eta berak ezetz, eta sentitzen zuela. Orduan urte bat bete nuen etxetik kanpo. Ez nuen zuei deitzeko eta dirua eskatzeko ausardiarik izan. Eta han hasi nintzen lanean, bueltan barkatuko zenidatelakoan. Baina Ivanak gure dirua xahutzen zuen zentzugabekerietan eta ni nazkatzen hasi nintzen. Gure haserrealdiak geroz eta luzeagoak eta zakarragoak egiten joan ziren. Eta gau batean, etxetik kanpo igaro behar nuen bigarren urtean sartu beharrean, begiak ireki nituen. Jada nahiko ingeles banekien Ivanaren lagun batek esan zidana ulertzeko. Festa batean ginen, Iraila izango zen. Ez dakit gaia nola aterako zen, baina gauza da Ivana umezurtza zela esan zidala. Ni sutan jarri nintzen eta gure artekoa bukatu zela esan nion. Berak ez zidan inongo azalpenik eman, eta bakarrik geratu nintzen han. Zerbitzari gisa lan egiten nuen astean zehar eta garbitzaile edo zaintzaile bezala asteburuetan. Han bizi zen lagun bat aurkitzea lortu nuen eta bere etxean egon nintzen atzo arte.

Istorioa harrigarria zen benetan. Pelikula bat egin edo liburu bat idazteko modukoa. Baina ez zuen ez hanka eta ez bururik…

Ea, Jon Mikel, zure istorioa nahiko sinesgaitza egin zait… Nola gastatu zenuen kontu korronteko diru guztia? Badakizu zenbat diru zenuen? Aitak utzitako guztia! Ezinezkoa da…

Bada esan ez dizudan gauza bat – moztu ninduen berak -. Ivana eta biok drogatan sartuta ibili ginen, eta horrengatik ere kostatu zait hainbeste bueltatzea. Zorrak nituen, eta ez zait erraza egin denak kitatzea…

Bere aurpegiko begi-zuloak nabarmenagoak iruditu zitzaizkidan.

Beno, ba hemen gera zaitezke etxe berri bat aurkitzen duzun arte… - esan nion nik.

Benetan eskertzen dizut nigatik egiten ari zarena, Maddalen.

Erre usaina sumatu nuen.

Adios dilistei!

Tuperrean geratzen zirenak mikrouhin labean berotu eta biok hizketan aritu ginen. Amaren egoera azaldu nion. Bera joan izanaz benetan damututa zegoen.

Gaur bertan joan ninteke ama bisitatzera. Zer deritzozu? – esan zidan, nik supermerkatura deitzen nuen bitartean.

EZ! Ustekabean harrapatzen badugu bere osasunari kalte egin diezaioke zu agertzeak… 22an joango gara biok, entzun?

Marmarka baiezkoa egin zuela iruditu zitzaidan. Ezin izan nuen egiaztatu, Iditxok telefonoa hartu zuelako.

****** supermerkatua, ****** ***** nauzu, gerentea. Bai, esan?

******, begira, Maddalen naiz…

Gertatu zitzaidana ez zen oso sinesgarria, egia esan,… Lehenik, nire ama bisitatzera joan nintzen nire ahizpari gaixo zegoela ahaztu zitzaiolako, eta bigarren, 3 urte Australian zeramatzan anaia handik bueltatu zen istorio txundigarri batekin.

Telenobela batetik ateratakoa zirudien.

Baina zer erremedio. Egia esan behar.

Arratsalde osoa ibili ginen Jon Mikelentzat lan egoki bat bilatzen. Ia amore eman genuenean, liburu-denda batean onartu zuten anaia. Pozez gainezka, eskerrak eman zizkidan.

Gau hartan biok kebab bana afaldu genuen. Beti batera egon izan bagina bezala.

Nire anaia galdua aurkitu izanak Mutil Magikoa nire pentsamenduetatik aldendu zuen.

Hurrengo goizean (abenduak 20, larunbata) etxeko lanak egin genituen bion artean. Jon Mikel astelehenean hasiko zen lanean. Eta etxean garbiketa dexente egin beharra zegoen.

Eguerdian Maiteri deitu nion, ea nirekin gabonetako erosketak egitera joan nahi zuen galdetzeko. Ez nion Jon Mikelena telefonoz esan (ordu bat egongo ginelako hizketan).

16:30ean Jon Mikel etxean utzi nuen. Dirudienez, etxea txukuntzen jarraitu nahi zuen.

Maite eta ni dendaz denda ibili ginen, han bere aitarentzako zapatak, hemen Miriamentzako bufanda, bestean amarentzat boltsoa,… Eta arratsalde osoa pasako genukeen horrela…

…segapotoak jo izan ez balu.

Pantailara begiratu nuen. Ama etxea, zioen.

Ama? – esan nuen.

Ez, Maddalen, Jon Mikel naiz… - Zer egiten zuen berak han? Ez al nion ba ez joateko esan?

Zer gertatu da? – galdetu nion nik, Maiteri bere autoko giltzak ateratzeko keinuak eginaz.

Ez dakit… - neba negar zotinka ari zen – Bat batean lurrera erori da… Ez dit erantzuten… Ez da mugitzen… Odoletan ari da! 112ra deitu dut, baina agian iristen direnerako beranduegi izango da. Barkatu, Maddalen. Dena nire errua izan da.

Ez, ez, lasai Jon; ez da inoren errua. Harantz noa orain. Geratu hor, entzun?- erantzun nion nik, malkoei eutsi ezinik.

Zer? – esan zidan Maitek larrituta.

Ama da. – erantzun nion.

Abiada bizian joan ginen amaren etxera. Ahal genuen azkarren zeharkatu genituen kale guztiak.

Lasai, ziur ez dela ezer… - zioen Maitek.

<< Hilda dago >> pentsatzen nuen nik.

Ondo egongo da, benetan…

<< Ez daki Jon Mikeli gertatu zaiona ez dela bere errua izan… >>.

EHHH!!! – kristoren balaztakada eman zuen Maitek – Kaka hiretzat! – esan zion semaforoa gorri zuela zebrabidea igarotzen ari zen (eta ia harrapatu zuen) oinezkoari.

Portalera iristean, han zegoen anbulantzia.

Korri, Maddalen! Gero hitz egingo dugu, zoaz! – esan zidan Maitek izugarrizko abileziarekin autoa aparkatuz.

Ni lasterka hurbildu nintzen anbulantziara.

Familiako kidea naiz. – esan nuen – Oso larri al dago?

Ez, baino odol asko galdu du… Ea ba, goazen!

Barrura sartu nintzen. Han zegoen Jon Mikel, burua hanka tartean zuela, amaren eskua heltzen:

Ama, ez… Eutsi pixka batean! Oraindik ez da zure garaia… Ez joan… Ez…

Ni amaren egoeraz jabetu nintzen. Odol asko galdu bazuen transfusio bat beharko zuen. Eta ama O negatibo odol taldekoa zen. Talde bereko emaile baten odola bakarrik har zezakeen. Eta gure familiako inor ez zen O negatiboa.

Ospitalera iritsi ginen. Larrialdietako gelara eraman zuten ama. Jon Mikelek ez zuen segundo batez ere bere eskua askatu. Gela pribatu batean sartu zuten arte.

Anbulantzian zihoan gazte bat hurbildu zitzaigun.

O negatibodun odola duten emaileei dei egin diegu. Garaiz etor daitezen espero dugu. Zuen amak ez du luzaroan iraungo bestela.

Eta larrialdi gelara sartu zen berriro.

Jon Mikel eta biok zer egin ez genekiela geunden. Ez nekien ea bera lasaitzen saiatzea edo biok batera negarrez hastea hobe izango zen. Anaiak, benetan, lastima ematen zidan. Bueltatzeko txartelak lortzeko lan egiten ibili zen, eta bueltan, bere “erruz” (bere ustekabeko agerpenaren ondorioz, nire ustez) amak konortea galdu zuen.

Ez nekien nondik hasi. Zer egingo zuen Vicky vikingoak nire lekuan?

Oharkabean, eskuak boltsikoan sartu eta sakelakoarekin topo egin nuen.

Aiba, Miriam!

Presaka ibili ginenez, Miriami gertatutakoa kontatzea ahaztu zitzaigun. Buffa, eta auskalo non egongo zen eta mobila piztuta izango zuen! Ahal nuen azkarren markatu nuen bere zenbakia.

Piii… Lehenengo tonua (aupa, Miriam), Piiii… Bigarren tonua (Ez, mesedez), Piiiii… Hirugarrena! (hartu, dios, hartu), laugarrena ere bai (Piiiiii…)!

Eta bihotza lehertuko zitzaidala uste nuenean, Miriamek erantzun zuen:

Bai?

MIRIAM!!!

Berriro ere zentsuratzaileek lan handia izango lukete narrazioaren atal hau edonon argitaratu baino lehen… Baina haiei lana aurreztea erabaki dut (esker diezadatela…).

****! NON HAGO?!

Ba, oraintxe…

BENO, BERDIN DIO! ETOR HADI ZIZTU BIZIAN OSPITALERA! LARRIALDIETAKO GELAN (hau ez da guztiz zuzena, gelatik kanpo baikeunden, baina beno…) GAUDEN JON MIKEL ETA NI…

JON MIKEL????!!!!

BAI, *****, ISILDU ETA ENTZUN. AMAK 0 NEGATIBODUN ODOLA DUEN EMAILE BAT BEHAR DIN BIZIRIK ATERATZEKO. EZAGUTZEN AL DUN BATEN BAT…?

Itxaron…

(Txutxumutxuak, bla, bla, bla, <<…zuk? >>, <<…ez? Ze pena.>>. NOREKIN ARI OTE ZEN HIZKETAN?!)

Ba, ez, ez dut inor ezagutzen.

Y tan fresca, osaba Juantxok esango lukeen bezala.

BA BILATU! HARTU LISTIN TELEFONIKOA ETA…!

Elkarrizketa gaizki bukatuko zela susmatu nuenean, sendagile bat urreratu zitzaigun korrika.

Zuen ama ez dago arriskuan, lasaitu zaitezkete. Emaile bat etorri zaigu laguntzeko prest…

Inoiz ez det YUUUUUPIIII! oihua botatzeko gogo handiagorik izan. Baina noski, moduak gorde behar.

Bihotz oneko pertsona hori (mutila balitz hobe) aurkitzen nuenean musu pare bat emango niola erabaki nuen.

ZER GERTATU DA? MADDALEN! HOR AL HAGO?

Miriamez guztiz ahaztu nintzen orduko!

Miriam? Lasai, agertu dun emaile bat. Hator ahal dunan lasterren baina ez harrapatu inor bidean.

Ai ama, eskerrak! Harantz noan…

A ze lasaitua.

Ospitaleko gela batean, 3 egun geroago

Ama ohean etzanda zegoen, lotan. Gu, bere inguruan. Eztabaidatuak genituen eztabaidatu beharrekoak. Ez genekien zer esan.

Eta, badakizu Ivana delako horrek zergatik erabili zintuen zu (ziria sartzeko, etab.) eta ez besteren bat?

Ez nuen nire anaiaren “atraktibo” fisikoaz duda egin nahi… Baina ez zuen Brad Pitten antza txikiena ere (nire ustetan, Brad Pitt zen –grekoek zioten bezala- edertasun kanona hoberen adierazten zuena).

Ahhh… Dirudienez, udara guztietan dator Donostiara, eta datorren bakoitzean mutilen bat edo beste zoratzea lortzen du… Badakizu. Gero edozein lekutan uzteko.

MUTIL ASKOREKIN IBILI ETA MUTIL LAGUN FINKORIK EZ IZATEA! EZ NUEN ENTZUN NUENA SINETSI NAHI! BENETAN BA AL ZEGOEN HAIN ZORIONEKOA ZEN NORBAIT? BERRIZ ENTZUTEKO BEHARRA NUEN…

Eta ez al dabil beti mutil batekin? – gaizki espresatu nuen nire buruan bueltaka zebilen galdera – Ez al zuen mutil lagunik?

Bai, orain, aipatu duzunez…

Bere hawaianoaren boltsikoetan zerbaiten bila hasi zen. Eta aurkitu zuen bilatzen zuena.

Begira argazki honi. Bere lagunen etxetik hartu nuen, bere argazki bat izateko, gehienbat… Ez al nizun gure haserreen beste arrazoia esan? Bere argazki bat emateko esaten nionean, berak ezetz esaten zuen. Ez zuen inoiz bere kreditu txartela erabiltzen, eta hoteletan beti izen faltsuz ezagutzen zuten. Beno, ba hori. Argazkikoa hemen ezagutu omen zuen “superlaguna” zela. Aratz omen zuen izena.

Niri gutxienez, irakurle maitea(k), ez zait normalegia iruditzen udaran mutil gazteak (eta ez hain gazteak) timatzen bikote batek dirua ateratzea. Ziur biak drogetan sartuta zeudela.

Eskua luzatu nuen argazkia ikusteko.

Zuri beltzean positibatutakoa zen, bi pertsonaien atzeko paisaia tipical australian-a zela esan liteke.

Baina niri barbie neskaren alboan zegoena interesatzen zitzaidan, gehienbat.

Minutu pare bat argazkiari begira egon ondoren, ezin izan nuen pentsatzen nuena ukatu: neska sorbaldatik eta (ejem) ipurditik helduta zeramana nire ezaguna zen. Brad Pitt, jaun andereok (aktorea ez, bestea).

Beraz, Aratz zuen izena nire ex – amodio platonikoak… Ba sartu zezala bere erromantizismoa ***************! (haurrei azken hitz honen irakurketa ez errazteko, hitza honako hau da: i,p,u,r,t,z,u,l,o,t,i,k!!! – harridura keinuak asteriskoen barne sartzen dira-). Jada dena zegoen argi. Brad Pitt eta barbie Donostian zeuden.

Baina nik ez nion Jon Mikeli mutila ezagutzen nuela esan (egia esan, ez nuen ezagutzen!), eta ezta ninfomano parea hemen zegoenik ere. Anaia gartzelatik kanpo nahi nuen (bolada baterako bai, behintzat).

Eta hala bukatu zen nire zoramena. Baina amari (zeharka) mutila aurkituko nuela promes egin nionez,… Bueno, imaginatuko duzue zer gertatu zen, ez? Zuen imaginazioa ez bada nirea bezain “zabala”, odol emaile batekin maitemindu nintzela besterik ez dizuet esango. Ez dut uste ZEIN odol emailerekin maitemindu nintzen asmatzea oso zaila denik.

Ba, hori da dena. Sendagileak Unai aurkeztu digu –emailea!-, eta Brad Pitt baina mila aldiz guapoagoa da (ez da egia, baina neure burua kontsolatu beharko dut nolabait, ez?). Muxuaren proiektua pixka bat atzeratuko dugu (postpone, badakizue) oraingoz (je,je – barre algara-).

Puff, niri kaka mokordo hori –Aratz- gustatzea ere… Ai, ai, ai, Maddalen… Benetan esperantza guztiz galduta ibili zinen egun haietan, ez?

Supermerkatukoarena guztiz (ia) gaindituta daukat orain.

Ba, beno, badakizue. 34 urterekin ere esperantzarekin bizi zaitezkete.

Aholku pare bat eman nahi nizueke. Lehenik: ez joan Australiara “bertakoa” dela dioen eta ezagutu berri duzun Top Modelarekin (ez ditut Top Model australiarrak diskriminatu nahi!); eta bigarren: ez fidatu gehiegi supermerkatuan ezagutzen duzun jendeaz.

Kanta nazkagarri hori nik ere entzuten dut orain Unaiekin nagoenean. Zergatik izango da?

Don’t worry, be happy.

AMAIERA