HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Premio Literario Koldo Mitxelena »  2005 - 16 edición: obras premiadas »  Olerkia »  Jon Iraola

Jon Iraola

ZURIA





Hormetan

Heriotza zuria bada,
zahar etxeko hormek
zergatik diraute
beti zikin?

Ze perfektua den zuria
Herioren pintzelean.
Ze narratsak, aldiz,
bizitzaren gorabeherak,
gorri, urdin, marroi, berde, beltz…
Bizitzak perfektua ez dela
salatu behar du agian,
horma zuriak koloretuz.
Ez nuen uste esperantza
zirrimarra beltzetan ere
inoiz ager zitekeenik.






Heriotzak poesiaren omenez

Hezurren artetik burua altxatuz
banator.
Naturaren lanorduak ordezkatzetik
igeri eginez,
banator;
banator, kostata gainera,
tonaka bihotzek bala batek adina pisatzen duten
saltokitik hegan.
Hegan,
odoletan zipriztindua, hankak
gorpu usteldu,
zatikatu,
abandonatu,
torturatu artetik aireratu nahian...
Mugei kasu egin gabe,
hiritar anonimo naiz ni orain ere
eta
kalean ibiliz
banator.

Gelditu egin naiz.





Atzera begiratu dut,
hilerriko petalo ahaztuen itzala amaigabea dela

ziurtatzeko.

Zutik dirauten harriak altxa ditut,
denek,
begirada anonimoek,
oroimena usteldu dela ikus dezaten.
POESIA, egin dut oihu.
Eta harriak askatu,
triskatu,
suntsitu,
apurtu ditut.



Eta banoa.

Hartxintxarrez jositako poltsikoak
bete dituzte
berriro.
Beltzez mozorrotu naute,
malko zurrunekin madarikatu.
baina ni joana naiz
dagoeneko.






Aitonak, zaharren egoitzako korridoretan
oihal zuriz estali ohi ditu
bere barre argal eta lumazko behatzak
gauez
eta korridoreetan zehar,
haizean kiribilduta,
egiten du hegaka Heriotzak

(ateko leihotik ikusi nuen).

Hezea bere sunda,
ixila begirada,
gardena aztarna,
otoitzekin sututako
mingain aztoratuak dakuskila,
pausoa mantsotzea gustatzen zaio,
sututako mingainak
bere kabuz erretzen
ikusi arte.






Aitonaren gelan
Heriotza zuria da
eta bizirik dago.
Nota ximelduetan
loratzen da, eta
Angustia izeneko zaldi gainean zabaltzen du
ziurgabetasunaren mezua.
Hatsa urratua du,
ixildu duen bakoitzaren
azken garrasiaren
marka.
Izarak tolestu gabe,
begirada errotik atera,
suzko hatzekin taupadak lapurtu
eta haizezko besoekin eraman ninduen,
leihoko oihalak
ikaratuz.
Ni zuria naiz –esan zidan–,
eta bere hatsak ixildu ninduen.