-1-
Iratzargailu soinua entzun,
ohetik altxatu bela
laranja zuku baso bat hartu,
eta kafesne epela
pestiloari eragin diot
niretzat da bainugela
ispiluari begiratuta
daukat aurpegi goibela.
Nola pixkana txikitzen ari
den bizitzaren kandela
zer nintzen lehen, ta zer naiz orain
urteak pasa direla.
Masaila daukat morea eta
begi-ondoa ubela
ta uste nuen amodioa
arrosa izaten zela.
|
-2-
Nire senarra, nire borrero
bihozgabe ta zitala
ezkon bizitza, heriotza da:
ilunpearen itzala
nire bihotza, zulo beltza da:
ezerezaren magala
kolore gorriz blaituta daude
sukaldea eta sala.
Nahiz eta Joxek egurtzen nauen
iritsi ta berehala
nahiz begietan nabaritu ni
hiltzeko nahia daukala
mina etsipen bilakatzen zait
eguna pasa ahala
odol tantoak malko artean
itotzen diren bezala.
|
-3-
Gogoan daukat hasierako
maitasuna ta arreta
itsasertzera zenbat itzuli
ta parkera zenbat buelta
zenbat hitz goxo, zenbat hitz xamur
zenbat muxu ta fereka
ni gabe ezer ez zela ere
esan ohi zidan tarteka.
Momentu haiek dauzkat gogoan
altxor modura gordeta
maitasunaren sua zelako
zorionaren erreka...
Ta gaur gorputza belztuta daukat
begiak malkoz beteta
lehen berotzen ninduen suak
kiskali egin nau eta.
|
-4-
Gogoan daukat, eztei eguna:
nerbioak eta lotsa
gogoan daukat bere trajea
ta pianoaren hotsa
gogoan daukat nire soineko
zuri eta aproposa
elizan gure alde agertu
arren Jaunaren ahotsa
gau hartan bertan bilakatu zen
amodioa morrontza
gau hartan bertan agertu baitzen
nire senarraren bortxa.
Zeinen bekatu gordina eta
zeinen bekatu zorrotza
Jainkoak berak bedeinkatzea
deabru baten ezkontza.
|
-5-
Nire bizitzan dena da laino,
ekaitz, euri eta lanbro
ezkon bizitza da saminetik
heriotzarako txango.
Haurtxorik ez dut ta izateko
asmorik ez dut egundo
bera ez dadin izan piztia
makur baten ondorengo.
Nahiz Joxek seme-alabaren bat
nahi duela jakin ondo
berari behintzat inoiz ez diot
zorion hori emango.
Nola senarrak isurarazi
didan jada odol frango
nire odola duenik ez da
bere umea izango.
|
-6-
Lehen miresten nituen denak
gaur behar ditut gaitzetsi
nire lagunak nire ondotik
joan baitziren ihesi.
Ta egoera agertu arren
auskalo zenbat juezi
etxekoandre soil batek ezin
du justizian sinetsi.
Eguneroko sufrimendura
dut dagoeneko etsi
esperantzaren ate guztiak
dizkidatelako hertsi
orain negarrak eta antsiak
denak ohi ditut irentsi
mundu txar honek ez duelako
malkorik ere merezi.
|
-7-
Bakardadea dut adiskide,
bakardadea dut etsai
batetik Joxe kanpoan dela
nago aske eta lasai
baina bestetik nire buruak
buelta eta buelta darrai
zenbat ideia nahasi dauden
nik noiz antolatuko zai.
Nire etxean, nire hilkutxan
nola ez nagoen alai
beste batekin bizitza berriz
hastea baizik ez dut nahi...
Bete ezin den amets horretan
pentsatzen dut malkotan blai:
amodioa hil baitzidaten
eta bizitza ere bai.
|
-8-
Bainugelatik balkoira noa
hau dut goizeroko lege
oskarbi dago, eguzkia zein
polita den alafede
bere itxura, bere indarra
egin nahi nituzke nere
hainbeste argi, hainbeste bero
eta hainbeste botere.
Joxe nahi nuen nire eguzki
ustez bainuen mesede
ni izatea bere erregin
ta bera nire errege.
Ezkondu eta nire bizitza
argitzea nuen xede
baina ordutik ez dut ikusi
izarren argirik ere.
|
-9-
Nire begiak etxe aurreko
parkera joan heinean
bi ume txiki ikusten ditut
balantza baten gainean.
Biak parean, orekan zeuden
aldarterik onenean
batak gora ta besteak behera
egin dute azkenean.
Bizitza ere orekan neukan
ezkontzaren egunean
baina gaur Joxe gainean daukat,
ta ni altxa ezinean.
Bizitza bera ere balantza
ez al da azken finean
ta ni lurrera erori nintzen
ezkondu nintzen unean.
|
-10-
«Malkorik gabe agurtzen zaitut
gutun hau dela bitarte
zu zinen Joxe, zu, bizitzaren
amesgaiztoaren parte
nire bizitza egin duzunez
tristeziaren itzalpe
heriotzaren ametsa nuen
zorionerako ate.
Ta gaur balkoitik jauzi egin dut
poza hartu zenezake
baina bakarrik, bakar bakarrik!!!
bizitzea duzu kalte.
Zerutik hona so egingo dut
nahiz eta egon aparte
bakardadean usteldu zaitez
infernuan erre arte!»
|
F mailan (16-18 urte) saritutako bertsoa
|
| |
 |
 |
|