HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Premio Literario Koldo Mitxelena »  2004 - 15 edición: obras premiadas »  Gutuna »  Gartxot Unsain

Gartxot Unsain

HERIOAREN MAGALEAN





Jainkoak bere besoetan har zaitzala, Maider:

Ilunabarrarekin batera lotara doan eguzkiaren azken oihua nabarmen entzuten da burdin tranga hauen artean. Ekitan mutil sorgor eta isila izanik, gauak nire alderdi ilun, bakarti eta tristeena pizten du, espetxeko bakardadeak egindako zauriak odolustu nau jada, ez dut ezer sentitzen, ezin dut gehiago, honekin amaitu behar dut...

Izara zuriz estalitako ohe gainean pausaturik gogoetaren unea datorkit, pentsamendu sakonetan murgiltzen naiz. Paper zuri sorta hau nire hitz galduekin apaintzen nabil, noraezean... Badut bidezorro bat betetzeko adina oroitzapen, gozo zein garratz, ahaztezinak eta ahantzi beharrekoak, denak mantenduko ditut. Amaren altzoan igarotako une epelak, lehen hitz zein pausoak, ikastolako lehen egun deserosoak, neskekiko lotsa... Honekin amaitu beharrean aurkitzen naiz, bihotza sufrimenduz orbandua dut...

Heriotz zigorrak bihotzean ezarri dizkidan kateak astunak dira. Egunek ez dute argirik hemen, ilunak dira. Tristuraren olatuek itxaropena ito dute, bizitzeko itxaropena; zerua bisitatzeko gogoa dut.

Galduta nabil, etorkizunaren aingeruak ez baitzidan eskua luzatu amildegi ertzean malkortu nintzenean. Eta amildegiaren ertzean jarraitzen dut, erortzeko gogoz, herioak nire arima hartu eta zerura eramango duenaren esperoan... Zerua... Paradisua... Hara noa!

Malkoak ezintasunaren isla dira, espetxealdiak sortarazi didan gauzaezaren ondorio. Gogoan zaitut, Maider; gure azken agurra ez zen aski gozoa izan... Eskuburdin haiek etorkizuna belztu zuten, arrotz zitzaidan bizimodu garratza aurkeztuz. Zu ikusi nahia beste munduan beteko den amets bat besterik ez da. Galtzen zarenean zerura begiratu, han egongo bainaiz hodeien artean isil-gordeka, egunak zenbatzen, zure zain. Ahalik eta beranduen egin iezadazu bisita, nik aurkitu ez dudan altxorrarekin etorri, ekar ezazu bizitza.

Gure Gartxot ttipiaren lehen hitzak entzun ahal ez izanak zeharo penatzen nau. Bere lehen pausoetan pentsatzen jartzen naizenean malkoek aurpegia umeltzen didate... Ikusteko gogoa dut... Zortzi urte dituela esan zidan azken gutunean, bai heldua gure ttipia! Aitonarekin lakuan harrapatutako arraina erraldoia omen zen, ikusgarria benetan, berarekin arrantza egingo nuela esan nion, agian, beste munduan. Lagun ugari omen ditu eskolan, azkarra omen da, baina hutsune bat bihotzean... Bere haurtzaroa gogorra izango zen, barkamena eskatu nion hor ez egonagatik. Hoberena opa diot, esaiozu goza dezala bizitza... Esaiozu ametsetan ikusten dudala eta bere zain egongo naizela noizbait arrantza egitera joateko. Ez nazala ahantzi...

Kartzelaldi bukaezin hau gogorra da benetan, bakardadeak norberaren garuna jaten baitu. Ezin dut gehiago... Gogoeta sakonak eginak ditut, gaizki egin nuenari arrazoi bat bilatu nahian. Noraezean zebilen erromesa nintzen garai haietan. Bidezidor okerra hartu izanaz damutzen naiz, bizi osoan eraikitako dorretik erroiztu izanaz damu naiz...

Izara horiek ondo estutuz gero... itoaraziko nindukete... Honekin amaitu behar dut.

Azken eguneko lo gozoa goizaren deiadarrak moztu du. Zeldako atea irekitzeko giltzen oihartzuna entzuten dut jada... Supituan, hor dator zaindari harroa, oieskeria handiko zezena dirudien arren, bere barnean beldur eta zoritxarraren sustraiak zailtzen ari direla ikus dezaket. Jantzi likitsa darama, eta garbitu den arren, hatsa dario. Bakarrizketan dator. Bizar mardula lerdez zipriztintzen du ahoa irekitzen duen bakoitzean, gaixoa oldarka mintzo da. Zurbil samar nabari dut, beldur da... Handikiro itxurak egiten ari da, beldur da... Giltzak atera eta atea ireki du, totelka hitz eginez, «Esna hadi!» esan dit.

Azken eguna arrunta suertatu zait. Goizeko lan neketsuek nekagaitzena ere unatuko lukete. Bazkari ziztrin batekin amaitu da zeldatik kanpo igaro dudan une laburra. Orain noraezean nabil, iluntasuna dut gidari, erantzunen bila nabil, ez dago erantzunik, igorri diot azken eskaera herioari...

Iritsi da ordua...

(Hasperena)

Zuri agurrik beroena, Maider, zuri azken hitzak. Zuri itxaropenaren oihu eta lantuak, zuri galtzaile baten zorigaiztoko malkorik gizen eta sendoenak. Ez ukanak badu bere alderdi ona, gutxi horrek norbera eskertsu sentiarazten baitu. Berandu da, azken begirada bota diot bizitza honi. Izarekin egina dut lokarri lodi bat... Sabaiko tutua egokia dela deritzot... Aulki bat behar dut...

Azken lerro hauek irakurtzen badituzu egon zaitez alai, mantendu barnean duzun garra, ez gainbeheratu... Maite zaitut...

Azken jauzia... Beste mundurako bidezidorra... Urrutian ikus dezaket jada argia... baina non da nire bizitzaren filma? Ez al dut nire bizitza iruditan ikusiko? Ez... ez dago iruditan laburtzeko ezer... Herioaren magalean senti dezakedan epeltasuna laket dut oso... Lepoa estu sentitzen dut, azken hatsa... Badator...

Adio Maider...

F mailan (16-18 urte) saritutako gutuna