Oroitzapenetan bilatuz erantzun galdua
negar malko beltzak,
masailean zehar,
gazi zapore garratzekoak
benetan ezagutu nahian hauen kausa
Gauaren teilatuko zuloetatik begiratzen
zure bisaia hauetan ikusten
nire malkoak urdinez tindatzen,
zure izena bihotza marrazten,
gau ilun bakartian barrena.
Ametsen bila joan behar ez izateko
hauen zain oheko orratzen pairatzen nago
bihotzeko mina odola bihurtuz
lo egin ezinean zure aurpegiaz oroituz
negar malkoen esanahia zure izenean bilduz.
Zure presentziaren falta ariman sentitu
oparitu behar zenidan olerki liburua aurkitzeko
nire logelako armairu zaharrean
han, atzean, hauts kapa fina inguruan,
liburu hori, non maitasunak bizi-argia lapurtzen zigun.
Mendebaldeko egunsentiaren irria itxaroten
erdi biluzik, urtebetetzeko arrosa zimelduarekin
behatz finetan, azal zuria, gorriz margotzen
arantzak haragian zehar barreiatzen
gau hartan, amodioa egin ondoren, sentitu nuen bezala.
Ohartzen naiz ahoan dudan zaporea ez dela kafea
Jainkoaren bedeinkazioaren itzala jasaten duen tabernan
odola dela ezpainak zeharkatzen, zatitzen
gaixorik nagoela, maitasun gaixotasuna,
agian zeu zara arrazoi eta erremedio, agian.
Bakardadeak kilimak egiten dizkit
bizkarrean zehar behatzak gidatuz
hotzikarak sortuz, malkoak xuxurlatuz
minak lehortuz, hortzak erakutsiz
honen esanahia ezagutu barik.
Ez dut lepo-atzean Herioren arnasa sentitzen
bere ezpainak, gorriak, gozoak, baizik
azal sentikorra musuz betetzen
zure faltan sentikorragoa, hauskorragoa
ilargiaren aurpegi ilunaren itzalaren azpian.
Isiltasunaren zalapartan babestuz
begi beltzeko malko ez isurituetan
arima gabeko pertsona maitatuz
bere malko, tristura, isladan murgilduz
hitza beharrean begi distiraren bila.
Sahats negartiaren negar desioa bete
zeruko malko gozoen artean
eta ni azpian
bi tristura bat eginez
bien desioa betez
negarra
mina
odola
izarretan zure bisaia
jainkoen begi ñirñirrak
desio
sentsazio
amets
han goian gordeak
bake musu bat itxaroten
maitasuna, zure bihotzean gordea
musu batean, noiz eman
desiratzen.
|
|
F mailan (16-18 urte) saritutako olerkia
|
| |
 |
 |
|