|
Itxaropen zirrikitu bat
Egun guztiek izan beharko lukete Teatroaren Nazioarteko Eguna, gure Lur planeta honetan beti egon baita piztuta, txoko batean edo bestean, antzerkiaren sugarra.
Teatroa hilda omen dago, hala diote askok aspalditik. Zinea eta telebista sortu zirenetik bereziki, eta are gehiago digitalizazioaren garai honetan. Sasoi batean, aurrerapenekin bat egon nahian edo, eskenatokia teknolojizatu egin zen, gizatasun sotilaren arrastorik ia batere utzi gabe. Irudia nagusitu zen hitzaren kaltetan, estetika mezuen gainetik. Hitzik gabeko antzezlanak ugaldu ziren, are antzezlerik gabe ere, nahikoa eta aski baizen argi joku ikusgarriek apaindutako maniki batzuekin osaturiko “instalazioa”.
Teknologiak, su artifizialak bezalako ikuskizun huts bihurtu nahi zuen antzerkia.
Egun aktoreak bere lekua berreskuratu du ikuslearen aurrean. Egun hitza eskenatokira bueltatu da.
Teatroak honezkero bere mugak ezagutu eta onartu ditu. Bere mugak, bai, teatroa hain esperientzia berezi, eta ordezkaezin egiten duten mugak. Teatroa ez baita inoiz helduko 'mas media' zabaletara, baina beste edozein komunikabidek baino hobeto transmitituko ditu sentimenduak, emozioak, ametsak eta itxaropenak, ikuslea eta aktorea aurrez aurre daudelako, une eta toki batean. Arte eszenikoetan ez dira istorioak kontatzen soilik. Iritziak plazaratu eta elkartrukatu egiten dira.
Teatroak hunkitu, argitu, asaldatu, aztoratu, eszitatu, azaldu, probokatu eta hautsi egiten du. Gizataldeari eskaintzen zaion elkarrizketa bat da. Teatroa arteetan lehena izan zen isiltasunetik hitza, itzaletik argia eta ezerezetik bizia sortzen.
Izaki bizia da teatroa, eskaintzen den momentuan bere burua kontsumitzen duena, hurrengo batean bere errautsetatik berriro sortzeko. Komunikatzeko modu honek badu magikotasun ukitu bat, halako moldez non pertsona bakoitzak eman eta jaso egiten du, eta trukatze honi esker aberastu.
Teatroak gizakiaren larritasun existentziala islatzen du, eta giza izaera argitu. Garaian garaiko gizarteak hitz egiten du teatroaren bidez, sortzailea bitartekari bat baino ez da.
Etsai ikusezinak ditu teatroak: umezaroan arte-hezkuntzarik eza batetik; munduaz jabetzen ari den pobrezia bestetik; eta azkenik, teatroa sustatu beharko luketen gobernuen mesprezua edota axolagabekeria.
Aspaldiko teatroan jainkoek eta gizakiek hitz egin zuten; gaurkoan gizasemea beste gizasemeei zuzentzen zaie. Horrexegatik izan behar luke teatroak bizitza bera baino oparo eta zabalagoa. Mundu erotu honetan, zentzuzko hitzetan sinistearen ospakizuna da teatroa.
Teatrotik edan behar dugu gertatzen ari zaiguna ulertzeko, inguruan dabilen oinazea adierazteko, baina baita egunerokotasunaren kaos eta amesgaiztoan halako esperantza zirrikitu bat sumatzeko.
Gora erritu teatralaren eragileak!! Gora teatroa!!
Nazioarteko mezua: Víctor Hugo Rascón Banda (Mexiko)
Itzulpena: Patxo Telleria eta Mikel Martinez
|