HIZKUNTZA    
   APRENDER EUSKARA    ENSEÑANZA    CULTURA    PUBLICACIONES    AYUDAS    TOPONIMIA    CONCURSOS   





ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Cultura »  Cine Fantástico y de Terror »  XVII Semana de Terror »  Concurso de cortos

Concurso de cortos
bgcolor=#014363
FILM LABURREN SAIL OFIZIALA
Azaroaren 4an. Antzoki Zaharrean. 17:00


Beasts
Beasts (2005). Dirk Verschure. Holanda. 5 min.
Animaliei buruzko pelikula, bost kapitulutan. Ugaltzen ari diren txoritxo kolpatuak, erasoari ekitea erabakiko dutenak. Nahasten ari diren ardi zuri-beltzak. Gaixotasun arraro batek jotako pinguinoak, epidemia bihurtuta inguruko beste animali espezie batzuen artean hedatzeko zorian denak. Nahasten ari diren ardi gehiago. Hanburgesa bihurtutako txerria. Animalien mundu zoragarrian barrena egindako ibilbide dibertigarri, basati, ero eta tarteka surrealista hau Dirk Verschure holandarrak zuzendua da. St. Joost eskolan graduatu zen, eta Buñuelen eta Plymptonen inspiratutako lan hau filmatzean animalia batek ere ez zuen tratu txarrik jaso (marrazki bizidunak zirelako, noski).


La chute de l’ange
La chute de l’ange (2004). Geoffroy Barbet Massin. Frantzia. 5 min.
Aingeru bat (emakumezkoa) Lurrera erori da. Hego bat hautsi zaio eta planeta urdinerantz amildu da. Babesgabe, abandonatuta, galduta, haren zoria zein izango den ez dakigula, zeharo aldatuko da haren bizitza Saint-Exúpery izan litekeen hegazkinari batekin topo egiten duenean, bere printzesatxoa erreskatatu nahian dabilen zaldun ibiltariarekin, alegia. Zuri-beltzeko amodiozko istorioa, pikorduna, 16 mm.tan marraztutako animaziozko pelikula antzeko bat, aingeruak gizatiartu eta gizakiak aingeru bihurtzen dituena. Guillaume Horen soinu-banda zainduarekin eta Stanislas Barthélemyren marrazkietan oinarrituta, Geoffroy Barbet Massinen film labur honek Lurrera erortzen diren aingeruen etorkizunari buruz galde egiten du, Wim Wendersen oso bestelako postulatuetatik abiatuta.


The City Eats its Weak
The City Eats its Weak (2006). Sasha Whitehouse. Australia. 15 min.
Kayk ezin du jan, ezin du lo hartu, ezin du ezer egin inguruan duen jendea hiriak kontsumituta desagertzen ari den bitartean. Bakarrik geratzen ari da. Ez daki zer egin. Orduan, bere larruazalean itxuraz hazten ari zaion zerbait duela konturatuko da. Egunetik egunera handitzen ari zaion zerbait da. Hideo Nakataren eta Takashi Miikeren lanetan inspiratuta, Sasha Whitehousek, Brooklynen hazi zen zeelanda berritarrak, Australian zinea ikasi zuenak (film labur hau bere karrera amaierako lana da) historiaren hastapenak kontatzen dizkigu, tarteka Kitchen Sink ezaguna gogorarazten digun lan kezkagarri honetan. Ez da hemen amaitzen, ordea, filma bera ere hazten ari baita film luze bihurtzeraino.


Still Life
Still Life (2005). Jon Knautz. Kanada. 8 min.
Hutsik dagoen errepide bat. Gorputzean kafeina asko daraman gidaria. Herri txiki bat zeharkatu du. Norbait harrapatu du. Ezbeharra izan duenari lagundu nahian dabilenean zerbait arraroa gertatzen ari dela konturatzen da. Bizitza hortxe eten dela dirudi. Laguntza eske hasi da. Ez du inor aurkitzen hari laguntzeko prest dagoenik. Kafetegietan, etxe partikularretan... saiatu arren. Mundua, ordea, beste erritmo batean mugitzen ari da: denbora urtu egin da Dalíren koadro batean bezala. Jon Knautz kanadarrak zuzendutako laugarren film laburra, beti bezala gure mundu honetan mundu arrotzak arakatzen dituena, Teen Massacre edo The Other Celia lanetan bezala.


Ujbaz Izbeneki Has Lost His Soul
Ujbaz Izbeneki Has Lost His Soul (2006). Neil Jack. Britainia Handia. 5 min.
Ujbaz Izbenekiri arima galdu zaio. Eta arimarik ez duen gizakia ezin da lasai ibili Lurretik (edo beharbada bai?). Infernura bidali dute, beraz. Han, maltzurrak, etsaiak berak egin dio harrera. Etsaia, ordea, gauzak ez direla ohi bezain errazak izango konturatuko da berehala, Ujbaz Izbeneki ez baita izaki arrunta. Arazo bat du: gauzak galtzen zaizkio. Eta galdu zaion edo galduko zaion gauza bakarrak ez da arima. Ujbaz Izbenekiri etengabe galtzen baitzaizkio gauzak. Bere arima bezain garrantzitsuak ez beharbada. Edo beharbada bai. Zer egin dezake infernuan? Eskoziako film labur harrigarria, surreala eta ustekabekoa, izen nabarmena eta ahoskaezina duen gizon honi beste mundura egindako bidaian lagunduko diona.


Delivery
Delivery (2005). Till Nowak. Alemania. 9 min.
Etorkizun goibela duen mundu batean, mundu industrial, mortu eta huts batean, gizon zahar bat maitasun handiz ureztatzen ari da lore bat, azkeneko lorea beharbada. Etxean dela, eta gasak, zarata eta bibrazio txarrak isurtzen dituen fabrika bat parean duela, munduak lehen izan zena izateari utzi diola gogorarazten dion ikuspegia alegia, gizonak kontu handiz zaintzen du lorea, jakin badakielako bera dela azkeneko esperantza. Ustekabean, harrigarria den zerbait jasoko du, mundua, bere mundua behintzat, nolabait aldarazi ahal izango duen zerbait beharbada. Iristeko dagoen munduari buruzko fabula pseudoapokaliptikoa eta surrealista, makinei erabat lotuta eta gizakiaz ahaztuta dagoen gizarte ustelaren erretratua. Esperantzari leku bat uzten dion etorkizuna: loreak berriro hazi baitaitezke.


Eggs
Eggs (2005). James Cotter. Irlanda. 13 min.
Irlandatik bertatik datorkigu lan dibertigarri hau, bereziki zolia izan ez arren antiklerikala den fantasiazko lan hau, edo beharbada ez hainbeste. Arrautzetatik sortzen diren apaizak, erlijioagatiko jazarpenak herrialdeko landazabal berdeetan zehar, botoiak leporaino lotuta dituzten apaiz saldo sutsua, erasoari ekin dion Eliza lotsa defendatzeko eta ezkontza aurreko harremanak saihesteko bere etengabeko borrokan, Village of the Damned klasikoan agertzen diren haurrei buruzko begi erreferentziak eta zintzilik geratzen diren hainbat galdera: Nork erruten ditu arrautzak? Herrialde katolikoetan bakarrik ote daude?


For(r)est in the Des(s)ert
For(r)est in the Des(s)ert (2006). Luiso Berdejo. Espainia. 12 min.
Andyk uste zuen estralurtarrek norbait abduzitzen duenean, espazio-ontzi bat zerutik jaitsi eta eraman egiten zuen. Haren anaia Forrest abduzitu zute arte. Egun batean desagertu egin zen besterik gabe, alde egin zuen, egoteari utzi zion. Gauzak ez dira beti pelikuletan agertzen diren bezala izaten. Estralurtarren mezuak Golden Grahams pakete batean sartuta iritsi daitezke. Luiso Berdejo donostiarra, Astean … Ya no puede caminar eta La guerra filmeekin bi aldiz Canal +en “Proyecto Corto” saria jaso izan duena, berriro datorkigu Donostiara zientzia fikziozko film labur amerikar honekin, haur batek espazio-ontzi baean beste planeta batera joateko egin dituen saialdiak kontatzen dizkigun honekin.


Hitch
Hitch (2005). Mik Duffy. Irlanda. 5 min.
Gaua sartu da Ipar Irlandako errepide bakartu batean. Serieko hiltzaile bat lanera irten da bere arauzko furgonetan. Autostop egiten ari den neska gazte bat. Ilargia zeruan. Bideetako bazter guztietatik itzalak nonahi. Zuhaitzak neskaren gainean mehatxatzaile, gizon eginda, hark laguntza jasoko badu ere. Furgoneta gelditu egin da. Zorioneko gaua da beretzat. Zorioneko gaua? Izua datorkigu berriro Ipar Irlandatik. Mik Duffyk, 1997an Astean proiektatutako Flying Saucer Rock'n'Roll film laburraren eta The Eliminator eldarniozko film luzearen gidoigile (azken honetan San Patrizio bera zonbi bihurtua agertzen zelarik), zuzendari gisa egin duen aurreneko lana aurkeztuko digu, Michael Colgan izanik bertako protagonista, The Eliminator filmaren antzezle nagusietako bat.


Máquina
Máquina (2006). Gabe Ibáñez. Espainia. 16 min.
Hiria mugimenduan. Gaua. Iluntasunean argi koloretsuak dira jaun eta jabe, aitzina bere erreinua izan zena kendu baitiote hari. Lanetik irtendako jendea metroan, etxerako bidean. Lurpeko pasabideak gainezka. Neska gazte bat zalapartaren erdian, ulertu ezinik, inguratuta, eta pausoak beste abiadura batean emanez. Etxera iritsi da. Bainu hartu du. Horixe da lan dotore eta kezkagarri honen hasiera, oinazea eta nahasmena nagusi diren istorioa kontatzen diguna, munduaren aurrean arrotz, inork ulertzen ez diolakoan, identitate berri bat hartzekotan, bide berri bat bilatu nahian. Publizitateko errealizadore lanetan urteak eman ondoren, Gabe Ibáñezek bere aurreneko film laburra zuzendu du, giroari dagokionez Shinya Tsukamotoren film batzuk gogorarazten dizkiguna.


The Mechanicals
The Mechanicals (2005). Leon Ford. Australia. 9 min.
Zer dago kanila bat irekitzeko ekintzaren atzean ezkuturik? Tostada batzuk prestatzea dirudiena bezain erraza al da? Zergatik aditzen dira zaratak etxeetako pareten atzetik? Nola funtzionatzen du irrati batek? Zuzendariak, Leon Fordek, film labur hau egiteko ideia dutxan zegoela bururatu zitzaiola kontatu digu, paretaren atzealdetik zetozen soinu batzuk entzun zituenean. Izan ere, denok entzuten ditugu soinuak pareten atzetik. Ez diegu kasu handirik egiten, baina gure etxeetan etengabe entzun ohi ditugu. Australiako edozein hiriko apartamentu bat da eszenatokia. Bertan bizi den pertsona lanera joateko prestatzen ari da. Bost pertsona gehiago, ezkutuan, paretaren beste aldean ari dira lanean (errealizadoreak dioenez Das Boot filmean inspiratutako mugimenduekin). Intendentziaz arduratuta, sinpleak eta errutinazkoak diruditen lanez kezkatuta, baina beren bizitza osoa betidanik horretan eman dutelako bakarrik.


Les morveux
Les morveux (2003). Pierre-Louis Levacher. Frantzia. 6 min.
Frantziatik datorkigu Les choristes filmari emandako erantzuna. Kantuan aritzen diren neska-mutilak atsegin ez dituzten horientzat, haur kantarien abestitxoak behin eta berriro entzuteaz nazkatuta dauden haientzat. Pierre-Louis Levacher, duela urte batzuk bere Sang froid filmagatik Astean Publikoaren Saria irabazi zuena, berriro datorkigu Donostiara bere umore sen hori mantentzen duela erakusteko, isiltasuna errebindikatzeko, Berck-sur-merreko abesbatza osatzen duten haurrak isilarazteko, Frantziako irrati entzuleei lasaitasuna itzularazten saiatzeko eta haien buruak lehertu ez daitezen ahalegintzeko. Baina ez da erraza izango haiei ahoa estaltzea eta, beraz, Delicatessen filmeko Troglodita horietako batengana jo behar izango du, ez du beste erremediorik izango. Ez zaitezte etorri, mesedez, Vienako Haur Kantariak eta Orfeoi Donostiarreko kideak.


Nature’s Way
Nature’s Way (2005). Jane Shearer. Zeelanda Berria. 10 min.
Zeelanda Berrian oso gutxitan desagertu ohi dira pertsonak. Horrexegatik, halako zerbait gertatzen den bakoitzean, bereziki haurrak badira, denbora luzean gogoratu ohi diren kasuak izaten dira. Aurten Cannesko Urrezko Palmondoa lortzeko lehian aritutako film labur honetan Jane Shearerrek krimen bati eta ondoriozko zigorrari buruz hitz egiten digu. Egun euritsua. Gaua. Bahitzaile bat eta neskatila bat. Gizartean badira hiltzaileak inoiz aurkitu ez dituztenak eta, beraz, zigorrik jaso ez dutenak. Baina baliteke zigorrik gogorrena kanpotik, besterengandik, gizartearengandik ez etortzea.